Berriak

2023-2027 legegintzaldiko Gobernu Planaren iparrorratza hernaniarren bizi kalitatea izango da

135 neurri eraldatzaile eta eredugarri aurkeztu ditu Udaleko Gobernu Taldeak

2023·11·16


Hernaniko Udaleko Gobernu Taldeak 2023-2027 legegintzaldirako 135 neurri zehatz dituen Gobernu Plana aurkeztu die hernaniarrei, “hernaniarrok hobeto bizi gaitezen”. Neurriek “eraldatzaileak eta eredugarriak” izateko bokazioa dute.
 
Gobernu Plana “udal gobernuak bere arduratik egiten duen plana da, herritarrei gutxienez hartzen dituen konpromisoen berri emateko”. Hori dela eta, Gobernu Plan hau izango da datozen lau urteetan Gobernu Taldearen lanerako “iparrorratza”. Hernani hobetzen jarraitzeko helburuarekin, eta herritarren ongizatea ardatz, Gobernu Plana “neurri sorta eraginkorra” izango da.
 
Xabier Lertxundi alkateak eta Gobernu Taldeko zinegotziek aurkezpen publiko eta irekian eman dituzte xehetasunak. “Aurrera begiratzeko garaia da, erronka berriei eusteko garaia, beti ere hernaniarrok gure herrian hobeto bizi gaitezen”, adierazi du Xabier Lertxundi alkateak. “Herritarrak direnez Udal Gobernu Taldearen politiken erdigunea, Gobernu Plana herritar horiekin konpartitzeko egin dugu aurkezpena”.
 
“Urteak daramatzagu udalgintzan, herritarrekin harreman zuzena daukagu, udal teknikariek ere informazio asko dute eta herri ikuspegi zabala dugu. Ezagutza horretatik eta dugun herri proiektuan oinarrituta” osatu du Gobernu Plana Hernaniko Udaleko Gobernu Taldeak. 
 
“Edukiz betetako” Gobernu Plana, Hernani osorako  
“Edukiz betetako” Gobernu Plana da Udaleko Gobernu Taldeak gaur aurkeztu duena. Arlo guztietako beharrei erantzungo dieten neurriak biltzen ditu planak: haur, gazte, heldu eta adinekoak; eta hirigunean nahiz inguruko auzoetan izango dute eragina. 
 
Gobernu Plana “dinamikoa” izango dela badaki Gobernu Taldeak: “Badakigu agintaldian zehar beste hamaika proiektu, egitasmo, ideia eta soluziorekin topo egingo dugula. Baina 135 neurri hauek bete beharrekoak izango dira guretzat”. 
 
Gobernu Plana “herritarrentzako” egin du Udaleko Gobernu Taldeak, horregatik, “ulergarria” izatea izan da lehentasuna. 
 
Gobernu Planak, lerro garrantzitsuak eta neurri zehatzak 
Hernani dinamika ekonomiko, sozial eta kultural handia duen herria da. Herritarrek “Hernani euskaldun, feminista, jasangarri eta anitz batean bizi nahi” dutela adierazi dutela iritzi dio Gobernu Taldeak, “elkartasunean eta elkarlanean oinarrituko dena”. 
 
Gobernu Planaren lerro garrantzitsuak izango dira kultur sormena sustatzea; gazteek pairatzen duten etxebizitza arazoari heltzea; berdintasun politika lehen lerroan jartzea; ingurugiroan eta trantsizio ekologikoan sakontzea; mugikortasun jasangarria posible dela erakustea; euskara, kirola eta aisialdiko lerroekin lanean jarraitzea; udal eskumenaren araberako neurriak hartzea tokiko merkataritza eta enplegua sustatzeko edota aniztasuna aberastasun bihurtzea. 
 
Gobernu Planak bere baitan dituen neurri zehatzetako batzuk hauek dira: Urumea Ikastola zenaren gunea eraberritzea -lur azpiko parkinga eta kultur ekipamendu berria-; Izpizua kalearen bulebarizazioa; Ezkiaga pasealekua eraberritzea; Floridako hirigintza-garapena -308 etxebizitza publiko egingo dira bertan-. ”Aurrekontu xumeagoa duten neurriak ere badaude, baina berdin-berdin herritarren bizi-kalitatean eragin handia dutenak eta garrantzitsuak direnak”, azpimarratu du Xabier Lertxundi alkateak.
 
Hernani, herri eredugarria
Gobernu Taldeak adierazi duenez, “badakigu nolako Hernani nahi dugun, eta, batez ere, badakigu nola egin nahi dugun: herritarrekin batera, elkarlanean, ideiak partekatzen eta ekarpenak jasotzen. Hori baita Hernani eraldatzen jarraitzeko gako nagusia”. Gobernu Taldeak “burujabetzan sakontzen” jarraitzeko asmoa adierazi du. “Erronka handiak datoz eta Hernani eraldatze prozesu sakonetan murgilduta dago”.
 
Hernaniko Udaleko Gobernu Taldeak uste du “hernaniarrok Hernani eredugarri bihurtzen” ari direla. Horren adierazgarri omen dira, herritarren “onespena” ez ezik, Gipuzkoatik, Euskal Herritik edota nazioartetik “Hernaniko ereduak ezagutzera etortzen diren eragile eta erakundeak”. 
 
Betetze mailaren berri emateko konpromisoa
Udal Gobernu Taldeak sei hilabetero Gobernu Planaren betekizun mailari buruz informatzeko konpromisoa ere hartu du, “herritarren eskubidea baita udal gobernua zertan ari den zehatz-mehatz jakitea”. Hartara, Gobernu Taldearen lana kualitatiboki zein kuantitatiboki “baloratu” ahal izango dute. 
 
Datozen egunetan Hernaniko etxe guztietara helduko da Udal Gobernuak Gobernu Planean egin duen proposamen zehatza, herritarrek ezagutu dezaten.