Berriak

Atzealdea 2025eko aurrekontu proiektua onartu du Hernaniko udalbatzak, adostasun handiarekin

2024·11·26


Kontrako botorik gabe, eta lau taldetik hiruren aldeko botoa jasota, adostasun zabalarekin aurrera egin du gaurko udalbatzaren osoko bilkuran Hernaniko Udalaren 2025eko aurrekontuak. Urriaren 31n aurkeztu zuen gobernu taldeak bere aurrekontu proposamena, eta iragarri zuen moduan, gainerako udal taldeen proposamenak jasotzeko epe bat ireki zuen orduan. Beste udal talde guztien ekarpenak jasotzen eta aztertzen aritu da geroztik, eta bere egin ditu aurkeztu dizkioten proposamen horietako asko. “Negoziazioek gaur arte iraun dute”, adierazi du Xabier Lertxundi alkateak. Negoziazioetan lortutako akordioen ondorioz, aspaldiko urteetako kontsentsu handienarekin egin du aurrera udal aurrekontuak: EAJk eta Elkarrekin Podemosek aldeko botoa eman dute, eta PSE-EE abstenitu egin da.

Prozedurari dagokionez, gainera, aurreko urteetan ez bezala, azaroko osoko bilkuran onartu da aurrekontua -aurreko ekitaldietan abenduan izaten zen – eta, ondorioz, urtarril hasieran partidak gauzatzen ahal izango dituzte.

42 milioi euroko aurrekontua izango du Hernaniko Udalak, aurten baino %11 gehiago. 42 milioi euro horietatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak udalen funtsetik 18,4 milioi helaraziko dituela hitz eman du, aurten emandakoa baino %2,9 gehiago.

Oposizioko taldeetatik Jasotako proposamenei dagokienez, alor askotakoak izan dira. EAJrekin EH Bilduko udal gobernu taldeak adostu du “hondakinen prebentzioan aurrerapausoak emateko” lan mahai bat osatzea. Mahai politiko-teknikoa izango da. “Eztabaida ez da izango egungo ereduaren inguruan, baizik eta hobetzeko aukeren inguruan: zero zabor filosofiari jarraituz, errefusa gutxitzeko pausoak landuko dira”.

EAJko udal taldeak eta gobernu taldeak adostu dute hurrengo hilabetean udalak eskuratuko dituen kale-garbigailu berrietako bat -elektrikoa, hain zuzen ere – kaxkoan erabiliko dela. Horrek soinua ez badu apaltzen, garbiketan beste ordutegi bat posible ote den aztertuko da.

EAJk proposatuta adostu dute ere Goiz Eguzki azpiko pista adinekoentzako erabilera anitzetarako erabil daitekeen aztertzea, besteak beste, Elizatxo eta kaxkoa lotuko dituen igogailuaren sarbide gisa.

 

Elkarrekin Podemos eta PSE-EE

Udal gobernu taldeak Elkarrekin Podemosen hainbat proposamen ere egin ditu bere. Besteak beste, pump track bat eraikitzea aztertuko dute. Bizikleten eta patinentzako zirkuitu itxiak dira pump-trackak. Bi taldeek adostu dute bilatzea hori kokatzeko zein izan daitekeen eremu egokia, eta proiektua aurrera eramatea, baldin eta 80.000 euroko aurrekontua gainditzen ez badu. Elkarrekin Podemosek eskatua du kaleak naturalizatzeko, eta udal gobernua lanean ari da proposamen horrekin. Orain adostu da jorratzea Elkano eta Latsunbe arteko bidegurutzea nola naturaliza daitekeen. 50.000 euro bideratuko dira lan horretara.

PSE-EEren hainbat proposamen ere onartu ditu gobernu taldeak. Besteak beste, Sagastialde berrurbanizatzeko aurreproiektu bat egitea. Proiektu hori aprobetxatuko da aztertzeko Sagastialdeko autokarabanen aparkalekuaren funtzionamendua. Bestalde, PSE-EEk eskatuta arratoien aurkako esku-hartze berezia egingo da. Azkenik, udal talde horrek eskatuta, adostu da udal taldeen eta zinegotzien asignazioa hurrenez hurren 650 eta 200 eurokoak izatea.

Guztira, oposizioko taldeek egindako proposamenak aurrekontuan egokituta, 246.000 euroko aldaketa egin da gobernu taldeak urrian aurkeztu zuen proiektutik.