Berriak
Atzealdea 31 pertsonak hartu dute parte amaitu berri den Nekazaritza-Eskolako formakuntzan
2025·11·28
Beterri-Buruntza Mankomunitateak, HENASEk (Hernaniko Nekazari eta Abeltzainen Sustapenerako Elkarteak), Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hernaniko Udalak elkarlanean garatutako egitasmoa da Nekazaritza Eskola, eta lurraldean nekazaritza jasangarria, gizarteratzea eta inklusioa uztartzea ditu helburu.
Horretarako, parte-hartzaileek formakuntza teoriko-praktikoa jaso dute HENASEko formatzaile eta hezitzaile baten eskutik, Hernaniko Burujabetzen Etxean eta Karabeleko baratzeetan. Era berean, HENASEko ekoizle profesionalek ere parte hartu dute egitasmoan, formakuntza teorikoan irakasle lanetan arituz, eta gai espezifikoen inguruko saioak dinamizatuz. Haien esperientziak eta ezagutzek ikasleen prestakuntza aberastu dute, nekazaritza jasangarriaren ikuspegi erreal eta eguneratua eskainiz. Ildo beretik, behin ikastaroa amaituta, ikasleek bi hilabeteko praktikaldiak egin dituzte HENASEko zein lurraldeko bestelako etxaldeetan, eta egonaldi horietan lan-dinamikak gertutik ezagutzeko zein ikasitakoa benetako testuinguruetan aplikatzeko aukera izan dute.
Hori hrorela, antolatzaileek ibilbideak ikasleengan izan duten inpaktu positiboa azpimarratu dute; izan ere, formakuntzari esker, ibilbidea hasi zuten 31 pertsonetatik 21ek bukatu dute, lau pertsonak beraien egoera erregularizatzea lortu dute, eta beste bik lana lortu dute. Gainera, aurten, bigarren edizioari amaiera emateko, lehen eta bigarren txandetako parte-hartzaileekin topaketa eta bazkaria egin da, egindako ibilbidea ospatzeko eta ikasleei egindako lana aitortzeko, banatu diren diplomen bidez.
Lehen sektoreari lotutako ibilbide honetaz gain, lurraldean martxan daude beste lan-arlo batzuetan trebatzek formakuntzak ere, hainbat eragilerekin elkarlanean; urtarrilean, esaterako, formakuntza berri bat hasiko da, sukaldaritzan, hori ere Elkar-Ekin Lanean egitasmoaren baitan, eta betiere egoera zaurgarrian dauden pertsonen gizarteratzea xede izanda.


