Berriak

Atzealdea 90. urteurrenean, 1936ko udazkenean Hernanin fusilatutako pertsonak eta gerrako testuinguruan desagerrarazitako hernaniarrak oroitzeko ekitaldia egingo da Hernaniko hilerrian

Hilerrian egingo den oroimen ekitaldiak bukaera emango dio '90 urte: Ahanzturatik memoriara' zikloari

2026·10·09


Urriaren 18a 1936ko udazkenean Hernanin fusilatutako pertsonak eta 36ko Gerraren testuinguruan desagerrarazitako hernaniarrak oroitzeko eguna izango da.  Gaur aurkeztu du ekitaldia Hernaniko hilerrian Xabier Lertxundi Alkateak, EHBilduko, EAJko eta Elkarrekin Podemos udal taldeetako Itsaso Lekuona, Mikel Gurutzeaga eta Lurdes Lopez ordezkariek lagunduta. "Pertsona horien guztien memoria bizirik mantentzea dagokigu", adierazi du Lertxundik, "are gehiago bizi ditugun garai ilun hauetan, askok iraganari liluraz begiratzen diotenean". 

Hernanin fusilatutako pertsonak eta desagerrarazitako hernaniarrak oroitzeko ekitaldi hau beti izan ohi da berezia. Are gehiago aurtengoa, izan ere, 1936ko altxamenduaren 90. urteurrena baita. Horregatik, Hernaniko Udalak aurten 90 urte: Ahanzturatik memoriara zikloa antolatu du: Hernaniko haur erbesteratuei buruzko erakusketa eta, haur erbestaratuei, internazionalistei eta II. Errepublika garaiari buruzko hitzaldiak ere izan dira. 

Ekitaldi hunkigarria izan ohi da, sentsibilitate politiko guztiak batzen dituena egia, erreparazioa eta berriz ez gertatzearen bermearen inguruan. "Frankismoaren errepresioa sufritu zuten ahaztutako pertsona haien guztien oroitzapena eta duintasuna berreskuratzeko, egia osoa ezagutzen ez dugulako, justizia eta erreparazioa egin ez zaielako, azken batean, zor hori kitatu beharra dagoelako, antolatzen du Hernaniko Udalak ekitaldi hau", gaineratu du Lertxundi alkateak. 

Beste 13 pertsona identifikatu dira eta hilerriko plaka berritu

1936ko uztailaren 18an hasi zen II. Errepublikaren kontrako altxamendua. Tropa frankistek irailaren 13an hartu zuten Hernani. Frankistek Gipuzkoa okupatu ondoren, errepresioa bortitza izan zen, baita Hernanin ere. 

Gipuzkoan altxatuek 1936ko udazkenean egindako sarraski handienetariko baten lekuko izan zen Hernani. Iraila eta azaroa bitartean, bertan fusilatu eta dokumentatu gabe lurperatu zituzten 200 pertsona inguru, gehientsuenak Ondarretako kartzelan zeuden presoak. Hernaniko 10 bizilagun ere fusilatu zituzten, baita euskal kulturan esanguratsua izan zen Jose Ariztimuño Aitzol apaiza. "Gipuzkoan epaiketaz kanpo frankistek egindako exekuzio gehienak Hernaniko hilerrian gertatu ziren. Ia denak epaiketarik gabe fusilatu zituzten", azpimarratu du Lertxundik. "Beldur giroa zabaltzeko estrategia baten parte izan ziren hilketa hauek". Hernaniko hilerrian fusilatutakoekin batera, desagerrarazitako hernaniarrak ere oroituko dira.

Aurten, desagerrarazitako beste 13 pertsona identifikatu ahal izan dira. Hori horrela izanik, hilerrian dagoen desagertuen zerrenda aldatu da, eguneratzeko. Gaur-gaurkoz, guztira 151 pertsona daude identifikatuak. 

Desagertuen senideak, erakundeetako ordezkariak eta Hernaniko herrritarrak elkartu nahi dituen ekitaldia

Carlos Lopez de Ceballos eskulturgileak 2006an egindako Argi-horma eskulturaren aurrean izango da oroimen ekitaldia, urriaren 18an, 12:00etan. Lopez de Ceballos bera frankistek desagerrarazitakoen biloba da. Urriaren 18ko ekitaldiak egia, justizia eta duintasuna aldarrikatuko ditu. "1936ko gerraren testuinguruan desagertutako pertsona haientzat eta haien familia eta senideentzat".

Hernaniko Udalak lau urtez behin antolatzen du memoria ekitaldi hau. Azkeneko aldiz, 2022an izan zen. 

Urko Apaolaza eta Irati Sarasua ariko dira aurkezle lanetan. Roberto Pacheco eta Judith Montero musikariek ere hartuko dute parte, Nahia Valle abeslariak lagunduta. Testigantza eta errekonozimendu hitzen ondoren, lore-eskaintzarekin bukatuko da ekitaldia, Hernaniko txistularien eta Ttarla dantza taldearen Agurra-rekin.

Ekitaldira biktimen eta fusilatuen senideak gonbidatu ditu Hernaniko Udalak, baita fusilatuen herrietako udal ordezkariak eta, oroimena eta bizikidetzan lanean ari diren Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak zein memoria historikoa lantzen duten elkarte eta taldeak ere. Hernaniko Udalean ordezkaritza duten talde politikoetako ordezkariek ere parte hartuko dute.

"Zer esanik ez, hernaniarrak gonbidatu nahi ditugu ekitaldira, askok eta askok, eta haien senideek, sufritu baitzuten frankismoaren errepresioa", adierazi du Xabier Lertxundi alkateak. 

Memoria historikoa errekuperatzea, urte luzetako lana

Fusilatuen senideek, diktadura frankistak iraun zuen bitartean, era klandestinoan eta anonimoki fusilatutako senideak oroitzeko ekintzak egin zituzten. 

1977tik aurrets antolatu dira memoria berreskuratzeko eta oroitzeko ekitaldi ofizialagoak. Urte hartan bertan, Hernaniko Parrokiak antolatu zuen ekitaldia eta egungo kripta ireki zen. 1986an, Hernaniko Udalak aginduta monumentu bat eraiki zen hilerriko hobietako batean: Herri bezala bizinahia. Gau luze-luzea. Zuen odola, herriaren arnasa / La sangre de los demócratas es semilla de libertad idatziarekin eta plaka bat jarri zen hilerriko ermita-elizako horman: 36ko Gerran, hilerri honetan, berrehun pertsonaz goiti basaki erailak izan ziren. Askatasunaren alde bizia utzi zuten haiei, oroitzapen eta gorazarre. Egun, plaka hori kriptaren sarreran dago.

1986an ere, kriptan lore-eskaintza egin zen eta orduan jarri zen Elbira Zipitriak idatzitako esaldia: Arerio maltzurrak zuek bazterrean utzi arren, eusko gogoan toki berezia daukazue.

2000ko hamarkadan, memoria ikertzeko lanak hasi zituen Udalak. Lehenengoak, hain zuzen, 1936ko uztailean eta udazkenean Hernaniko hilerrian epaiketarik gabe exekutatutako eta hobi komunetan agiririk gabe lurperatutako pertsonei buruzkoa izan zen. 2000ko azaroaren 30ean, Hernaniko udalbatzak ahobatez erabaki zuen Francisco Franco diktadoreari Hernaniko Ohorezko Alkate izendapena kentzea (1949ko abuztauren 21ean eman zitzaiona).

2006-2007an, Argi-horma monumentua inauguratu zen 1936ko gerran frankistek hil eta desagerrarazitako guztien omenez. Haiek defendatu zuten ideala aintzat hartzen dugulako eta sekula gertatu behar ez ezen tragediaren lekuko izan dadin betiko / En reconocimiento de la causa que personificaron y como testimonio perpetuo de una tragedia que nunca tuvo que ocurrir dauka idatzita. 

Ordukoak dira Udazkena oraindik. Memoria de la Guerra Civil en Hernani dokumentala eta 1936ko udazkena Gipuzkoan: Hernaniko fusilatuak liburua, biak ala biak Hernaniko Udalak ekoitziak. Horrez gain, hitzaldiak, erakusketak eta bestelako argitalpenak egin eta sustatu ditu Hernaniko Udalak. Azkena, 2025ean argitaratutako Hernani 1936-1959. Biolentzia, errepresioa eta giza eskubideen zapalketa gerra zibilean eta lehen frankismoan, Aranzadi Zientzia Elkarteko Irati Zuriarrainek egina.