Berriak
Atzealdea

ERAKUNDE ADIERAZPENA: LGTB+fobiaren aurkako nazioarteko eguna

2022·05·17


1990eko maiatzaren 17tik, Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik kendu zuela ospatzen da. Horregatik, LGTB+ kolektiboetako pertsonentzat balio esanguratsua du. Egun honen inguruan antolatzen dira heteronormatik kanpoko pertsonen aldeko eskubideen eta diskriminazioaren aurkako jarduera hainbat, erakundeon zein eragileen eguneroko lanketa ikusarazteko eta sareak indartzeko baliagarriak direnak.

Pandemiaren eraginez azken bi urteak benetan latzak izan dira herritar guztientzat, are gehiago LGBT+ kolektiboarentzat. Izan ere, desberdintasunaren arrakala areagotu egin da eta kalteberatasun egoerak eremu askotan indartu dira, sare sozialetan, esate baterako. Aurten ere, Hernaniko Udalak ahotsa altxatzen du sexu eta genero aniztasunarekiko gorrotoak eragindako erasoak salatzeko: bereziki, azken aldian Euskal Herrian eman diren eraso eta erailketa homofoboak irmo salatu nahi ditugu.

Beharrezkoa da gure gizartean oraindik indarrean dagoen heteronorma zalantzan jarri eta eraldatzea; haatik, LGBT+ kolektiboaren aurkako aurreiritzi ugari indarrean daude gure herrian. Zentzu horretan, genero-identitate, sexu-orientazio eta sexu-adierazpen guztientzat herri bizigarria sortu behar dugu. Gizarte osoaren erantzukizuna da diskriminazio eta indarkeria mota guztien a urka borrokatzen jarraitzea.

Herritar guztion zeregina da ahaleginak batzea gizarte berdinzale, inklusibo eta anitza lortzeko. Hernaniko Udaletik berdintasunerako eskubidearen eta sexu- eta genero-identitareagatiko zein sexu-orientazioagatiko diskriminaziorik ezaren alde lan egiten jarraituko dugu, aniztasunaren bizipen askea sustatzeko helburuarekin. Ildo horretan, kale-izendegian egiten ari garen aldaketen baitan, Aimar Elosegi Ansa Moiori kale bat eskainiko diogu.

Gonbidapena egiten diegu herritar guztiei LGBT+ pertsonen eskubideen alde antolatutako jarduera-zikloan parte hartzera: “Gorputz desbideratuen errebolta. Atzo, gaur eta bihar”. Maiatzaren 14an, 12:00etan, Aimar Elosegi Ansa “Moio” kalearen inaugurazioa izango dugu. Era berean, maiatzaren 17an, 20:00etan, Plaza Berrin egingo den kontzentrazioan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.