Berriak

Atzealdea Adierazpena. Euskararen aurkako azken sententziaren aurrean

2024·10·29


Administrazioko Auzien 1. Epaitegiak baliogabetu egin du Kabia erakundeak adinekoen egoitzetan lanpostuak egonkortzeko egindako deialdi bat, hizkuntza-eskakizunak direla eta. 54 postu ditu deialdi horrek, eta tartean daude Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lau udalerritako egoitzetako lanpostuak: Tolosako, Oñatiko, Hernaniko eta Bergarako egoitzetakoak. Horren aurrean, honako adierazpen hau egin nahi dugu UEMAk eta lau udaletako alkateok:

1. Kezkaz eta larritasunez hartu dugu sententzia. Herritarren hizkuntza-eskubideak zapaltzea dakar epaiak, "desproportzioa" eta "inposizioa" argudio faltsutzat hartuta. Ez da onargarria. Zerbitzu publikoek bermatu egin behar dituzte herritarren hizkuntza-eskubideak, eta horrelako epaiek erabat trabatzen dute berme hori.

2. Gogoan hartu behar da testuingurua: pilatzen ari dira gisa horretako sententziak. Epaiak irakurrita, argia da norabide bat marrazten ari direla epaitegiak, herritarren hizkuntza-eskubideak gutxiesteko eta hizkuntza-plangintza erabat baldintzatzeko.

3. Larritasun berezikoa da adinekoen egoitzei eragiten dien epai hau, biztanle-multzo zaurgarri baten zerbitzua jarri duelako ezbaian. Adinekoen egoitzetako zaintzaileen postuak dira baliogabetutako deialdiaren helburu, hau da, edadeko herritarrei zerbitzu ematen dieten lanpostuak. Euskaraz jakiteko betekizuna kenduta, erabat babesgabe utzi dituzte zentro horietako erabiltzaile euskaldunak: beren bizialdiko azken urteetan beren hizkuntzan aritzeko eskubidea oztopatuko zaie, izan ere.

4. Euskararen indarberritze-prozesuak derrigorrezko du lege-orube sendoa, eta azken epaiek agerian utzi dituzte lege-tresnen pitzadurak. Hortaz, dei hau egin nahi diegu lege-araudia garatzeko eskumen duten gainerako erakunde guztiei: nork bere eskumenekin eta elkarlana oinarritzat hartuta, urra dezagun bidea euskararen indarberritze-prozesua lege-babes sendoz hornitzeko. Tokiko erakunde gisa, gure konpromisoa berretsi nahi dugu hizkuntza-politikan pauso aurrerakoiak ematen jarraitzeko. 

Erakundeok bat egiten dugu Kontseiluak, ELAk eta LABek deitu dituzten mobilizazioekin, eta baita tokiko euskalgintzak deitutakoekin ere.

Martin Aramendi, UEMAko lehendakaria

Gorka Artola, Bergarako alkatea

Xabier Lertxundi, Hernaniko alkatea

Izaro Elorza, Oñatiko alkatea

Andu Martinez de Rituerto, Tolosako alkatea