Berriak

Adineko pertsonei bideratutako Auzozaintza programaren lehen fasearen emaitza onak ikusita, Hernaniko beste auzoetara zabalduko da

Auzozaintza programa bakardade ez hautatuan dauden adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko egitasmoa da. Hernaniko Auzozaintza programa 2022an jarri zen martxan, eta horretarako bost auzo aukeratu ziren: Portu, Elizatxo, Zikuñaga, Etxeberri eta Sagastialde. Programaren helburuak dira adineko pertsonak, etxean bakarrik geratu beharrean, kalera atera eta herriko dinamiketan partehartzea. Egun, 32 pertsona parte hartzen ari dira programan. Beharrezkoa den kasuetan akonpainamendu zerbitzu baten bidez harremanak berreskuratzeko baliabideak jartzen dira.

2023·04·04


Helburu horiek betetzeko, bakardadean egon daitezkeen pertsonak antzemateko sistema informatiko aurreratu bat erabiltzen da eta, ondoren, pertsona horiekin harremanetan jarri. Aipatu diren bost auzoetan 83 pertsonekin jarri dira harremanetan programaren arduradunak.

Adineko pertsona horiei azaldu zitzaien zertan zen programa. Horrekin batera, auzozaintza programa gauzatzen ari den langileen taldeak programa ezagutarazteko zenbait ekintza eta aurkezpen egin zituzten. Guztira, 25 adinekok aurrez aurre parte hartzeko interesa erakutsi dute eta beste 7 pertsona telefonoz parte hartzen ari dira.

Auzozaintza programaren kontzeptua eta egiteko modua berritzailea dira eta eredua izaten ari da, inoiz ez baita izan adinekoei zuzendutako horrelako akonpainamendu zerbitzurik (zaintzaren ohiko kontzeptua gainditzen du eta sozializazioan eta partehartze aktiboan jartzen du arreta berezia). Auzozaintza programa Hernaniko Udala adinekoei zuzenduta dituen beste programak eta zerbitzuen osagarria da, ahalik eta arreta integralen eskaintzeko asmoz. Horrez gain, Auzozaintza programan zaintza lanetan ari diren emakumeen inklusio soziolaboralean ere lan egiten da, Maitelan kooperatibaren bitartez.

Udalak, Zabalduz laneratzean eta gizarteratzean diharduen Hernaniko kooperatibaren eta Maitelan zaintza-kooperatibarekin elkarlanean, sortu zuen programa hori 2022an.

Erakundeen arteko elkarlana, funtsezkoa

Auzozaintza egitasmoa garatzeko ezinbestekoa izan da auzo elkarteen kolaborazioa. Beraien espazioak erabiltzeaz gain, eurek ere modu aktiboan parte hartu baitute programaren garapenean eta adinekoen beharrei erantzutean.

Era berean, Udala etengabeko koordinazioan ari da Hernaniko Osasun Zentroarekin programan parte hartzen duten pertsonen jarraipena egiteko eta pertsona berriak detektatzeko.

Emaitza onak

Auzozaintza programa 2022an martxan jarri zenetik hainbat emaitza lortu dira. Guztira, adinekoekin egindako esku-hartzeetan 1.003 ordu inbertitu dira. Adinekoekin egindako ekimen kopurua 73 izan dira. Kuantitatiboko ez ezik, kualitatiboki ere emaitza oso onak lortu dira.

-Auzozaintzan parte hartu duten pertsona batzuk beren auzoekiko jarrera proaktiboa izaten hasi dira:
    • Elizatxo auzoan, partehartzaileek memoria tailer bat eskatu zioten Udalari.
    • Elizatxo eta Etxeberri auzoetan, parte hartzaileak auzo bakoitzeko elkarteetan topagune berriak sortzeko antolatu dira.
    • Auzoetan eta herrian partehartzerik ez zuten 12 pertsona gune kalera atera eta parte hartzen hasi dira modu egonkorrean.

-Auzozaintza baino lehen gizarte-isolamenduan zeuden bizilagunen artean kidetasun- eta zaintza-harremanak izan dira.
    • Planak modu autonomoan antolatzen hasi dira.
    • Telefono-deiak egiten hasi dira, ondo dauden edo topaketetara joango diren jakiteko.
    • Menpekotasuna duten bizilagunen mugikortasuna errazteko baliabideak antolatzen hasi dira.

- 6 pertsona eta familia Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jarri dira, eta parte-hartze sozialerako beharrezkoak diren oinarrizko beharrak antolatu dituzte.

- Parte-hartzaileek emozioak asetzea errazten duten ohitura eta trebetasun berriak hartu dituzte.
    • Elkarrizketa-gaiak ugaritzea.
    • Errutina berriak: ordutegiak, erantzukizunak edo konpromisoak.
    • Osasun sumatuan

Auzoetan, honako lorpenak nabarmentzen dira:

- Elizatxo eta Zikuñaga auzoetan bakardadean dauden adinekoen partehartzea ahalbidetu duten asteroko topaketak sortu dira.

- Elizatxoko taldeak memoria tailerra eskatu du auzoarentzat, eta gaur egun eskaintzen da.

- Auzozaintzan parte hartzen duten pertsonak Hernaniko Udalak eskainitako memoria-tailerrera eta TTAPA TTAPAra joaten dira.

- Etxeberrin, Auzozaintzan parte hartzen duten eta parte hartzen ez duten bizilagunentzako topagunea antolatu da 2023rako.

Zuzeneko eragina osasunean

Auzozaintzan parte hartu duten herritarrengan nabariak izan dira osasunean izan dituzten onurak. Hori horrela, parte-hartzeak eta eta harreman sozialek osasunean duten eragina ikertzeko, EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea ikerketa bat egiten hasi da Auzozaintzako parte-hartzaileekin, programan parte hartzen ari diren heinean euren osasuna eta egoera animikoa nola hobetzen den ikusteko.

Egoera animikoak gaixotasunak prebeni ditzake eta Auzozaintza programa horretarako tresna bat da. Osasunean duen eragin hori dela eta, Hernaniko Udalak Auzozaintza programa aurkeztuko du datorren apirilaren 21 eta 22an Donostian egingo den Osasun Biltzarrean.

Horrela, programaren ibilbidean lortutako emaitza onak ikusita, Udalak programa sustatzearen aldeko apustua egin du eta beste auzoetara zabaltzea erabaki du.

Zer da bakardadea?

Adineko bakardadeaz hitz egiten denean, sarritan, familiarik gabeko pertsonak etortzen zaizkigu burura, baina hori ez da, ordea, bakardade egoeran dauden pertsonen gehiengoa. Euskal Herrian ohikoa den eredu familiarista dela eta, adineko pertsona gehienen sostengu sarea familia izaten da, baina horrek ez du bakardadea ekiditen.

Bakardadeaz hitz egiten denean, askotan, bakardadearen ardura familian jartzen da. Baina, azpimarratzekoa da familiaz haragoko sozializazioa beharrezkoa dela baita ere.
Komunitateak eskaintzen duen pertenentzia sentipena ordezkaezina da. Auzozaintza programaren helburu nagusia zaintzen ardurak demokratizatzea eta komunitateak behar dituen baliabideak eskaintzea da, eta adinekoekin egiten den eskuhartzearen ardatza hori da: komunitatearekin birkonektatzea edo harremanak sustatzea.

Barkardade mota desberdinak daude:

  1. Bakardade soziala: Bakardade objektiboa da. Harreman egokirik ez izatea eta komunitatean parte hartze txikia izatean datza. Sare sozial erakargarririk ez izateak gertuko komunitatearekiko pertenentzia falta eragiten du.
  2. Bakardade emozionala: Bakardade subjektiboa da. Eduki nahi diren harremanen eta une bakoitzean hautemandakoen artean desadostasun bat dagoenean sortutako egoera da. Batez ere, harreman horien kalitateari egiten dio erreferentzia, ematen duten euskarri afektiboari eta laguntza emozionalari.
  3. Bakardade existentziala: Barne kausa batek eragindako alienazio eta hutsune sentimenduek ezaugarritzen dute. Komunitatean rol bat izateko, proiektu kolektibo batekin identifikatzeko, gizartean parte hartzeko eta pertsonarentzat zentzua eta esanahia duen bizitza garatzeko sentimendua galtzea edo haustea litzateke.