Berriak
Atzealdea

65 urtetik gorakoei deiak egiten ari zaizkie ondo dauden jakiteko eta balizko beharrak antzemateko

Udala 65 urtetik gorako hernaniarrei telefono deiak egiten ari zaizkie joan zen astetik, konfinamendu egoera nola eramaten ari diren eta beharrak dituzten jakiteko asmoz. Ekimen honen helburua da adinekoen kolektiboaren egoeraren berri izatea eta, herritarren batek beharrak dituela antzemanez gero, asetzeko moduak bilatzea.

2020·04·07


Hamabi udal langile ari dira lan hori egiten. “Gertutasuna, konfiantzazko tratua eta lasaitasuna ematea da helburua”, esan du Maria De Frutos Hernaniko Udaleko gizarte langileak eta ekimen honen koordinatzaileak. Horretaz gain, pertsona hauen egoeraren berri izan nahi du Udalak, “beharrak egotekotan, identifikatzeko”, erantsi du. Horretarako, galdetegi berezi bat prestatu dute gizarte langileek. Deiak egin ostean, erantzunak aztertzen dira eta horien bidez identifikatu ahal izaten da deitu dioten adineko horrek beharren bat ote duen eta interbentzioren bat beharrezkoa ote den.

“Batzutan erosketak egiteko laguntza behar badute, adibidez, herrian eratu den bolondres taldera bideratzen ditugu”, adierazi du ekimenaren koordinatzaileak. Izan ere, Urumea Herrigunean sortu da 40 bat bolondresek osatutako taldea herritarrei erosketak egiten edo botikak erosten laguntzeko. Bolondres taldeak asetu ezin dituen beste behar batzuk izatekotan, “Zerbitzu Sozialen bidez bideratzen ditugu”, argitu du. Egunotan egin dituzten deietan kasuren bat edo beste antzeman da eta honez gero bideratuta dago.

Maria De Frutosek jakinarazi duenez, “gehienek eskertzen dute Udalak deitzea eta interesa eta kezka izatea”. Askok berriz deitzea nahi dute eta hori kontuan hartzen dute udal langileek.
Egin dituzten deiak aintzat hartuta, ondoriozta daiteke oro har “gure adinekoak ondo zainduta daudela eta ingurukoen languntza jasotzen dutela. Batzuek senideena, bizilagunena edota lagunena”, nabarmendu du koordinatzaileak.

90 urtetik gorako pertsonak izan dira deitzen lehenengoak; bakarrik bizi direnei deitu zaie lehenengoz, eta gero bakarrik ez daudenei. Hurrengoak dira bakarrik bizi diren 80 urtekoak, eta gero bakarrik bizi ez diren 80 urtetik gorakoak. Horrela egiten ari da 65 urtekoengana iritsi arte. Guztira, 4.000 hernaniarrek osatzen dute adineko pertsonen kolektiboa. Helburua da konfinamenduak dirauen asteotan denengana iristea.