Berriak
Atzealdea

Adinekoen egoitzan dauden egoiliarrak eta langileak babesteko neurri berriak hartu dira

Adinekoen egoitzan bisitak bertan behera utzi ondoren, familiei haien senidearen egoeraren berri emateko moduak antolatzen hasi dira. Egunean behin dei bat jasoko dute familiek eta ahal den kasuetan bideodeiak egiten ari dira.

2020·03·20


Adinekoen egoitzan dauden egoiliarrak kolektibo zaurgarriena izanik, haiek babesteko neurri zorrotzak hartzen ari dira Zerbitzu Sozialak. Hasieran, bisitak murrizteko erabakia hartu zen, baina aste honetan bisitak bertan behera uztea adostu zen. Senideentzat zein egoiliarrentzat neurri gogorra izanik, derrigorrezko prebentzio neurria dela iritzi dute osasun adituek. 

Zerbitzu Sozialetako langileek jakinarazi dutenez, egunotan dei asko jasotzen ari dira eta momentuan denak erantzutea ezinezkoa egiten zaie. Sendi guztiei behar den komunikazioa bermatzeko asmoz, egoiliar bakoitzaren familiak egunero jasoko du dei bat bere familiakoaren egoeraren berri izan dezan.

Horretaz gain, familien eta egoiliarren arteko harremana mantentzeko teknologia berriak lagungarri izaten ari dira eta, ahal den kasuetan, langileen laguntzaz, bideodeiak egiten hasi dira aste honetan.

Antolaketari dagokionez, adinekoen egoitza sektorizatu da, isolatu beharreko kasurik egotekotan, banaka isolatu ahal izateko. Egoitzan lagile guztiak landalan ari dira, eta osasun langileek ez ezik, animatzaileek eta psikologoek lanean jarraitzen dute, egoiliarrek ahalik eta normaltasun handienarekin jarraitzeko eta lasaitasuna transmititzeko.

Bestalde, eguneko zentroa itxi denez, bertako langile batzuk adinekoen egoitzan daude zerbitzua indartzeko. Garbiketa ere indartu da.

Telefono deiak 80 urtetik gorakoei

Herriko kolektibo zaurgarrienen egoeraren berri izateko asmoz, 80 urtetik gorako pertsonei telefonoz deitzen hasiko zaizkie udal langileak. Datu bat izatearren, 80 urtetik gorako 1400 pertsona daude Hernanin. Bakarrik bizi direnek izango dute lehentasuna.

Dei hauetan galdetegi bat egingo da pertsona zer moduz dagoen eta zer behar dituen identifikatzeko. Informazio hori guztia gizarte langileek jasoko dute, beharrezkoak diren neurriak hartzeko. Komunikazio hauetan Urumea Herri Guneko sarearen informazioa eta telefonoa helaraziko zaie eta adieraziko zaie babes sare horrek udalaren bermea duela eta elkarlanean ari garela.

Bestalde, Elikagai Bankuarekin harremanetan jarri da Udala apirilari dagokion banaketa egin ahal izateko prebentzio neurriak betez.