Berriak
Atzealdea

Aimar Elosegi Ansaren omenez, Moio kalea inauguratuko da larunbatean

Datorren asteartean, maiatzak 17, LGTBfobiaren aurkako nazioarteko eguna da. Egun horren bueltan, Gorputz desbideratuen errebolta zikloa prestatu du Udalak zenbait herri mugimendurekin batera. Ziklo horren barruan nabarmentzekoa da Moio kalearen izendapena. Berdintasun Kontseiluak proposatuta, Aimar Elosegi Ansa zenari eskainiko zaio kale bat herrian, egungo Biteri kalea, hain zuzen ere. Ekitaldia 12:00etan izango da.

2022·05·12


Maiatzaren 17an bertan, LGTBfobiaren aurkako aldarria egiteko kontzentrazioa antolatu da Plaza Berrin, 20:00etan.

Maiatzaren 25ean, mahai-inguru bat egingo da Kulturarteko Plaza Feministan, 18:30ean, “Unibertsoetatik multibertsoetara: sigletatik komunitatera” izenburupean.

Nazioarteko Egun horren harira, Udalak erakunde adierazpena onartu berri du eta, hain zuzen ere, herrian antolatuta dauden ekitaldietan parte hartzera gonbidatzen ditu hernaniar guztiak.

Gobara podcastaren 4. atala, Moiori buruzkoa

Aimar Elosegi Ansaren omenezko kale izendatzearekin lotuta, hilero aireratzen den Gobara podcastaren 4. atala gazte hernaniar horri buruzkoa da. “Herri bat transfobiaren aurka esnarazi zuen hernaniarra” izenburupean, orain 15 urte bere buruaz beste egin zuen gazte hernaniarraz aritu da atal horretan Ana Iruretagoiena kazetaria. Podcastean, Moioren lagun mina zen Kattalin Minerrekin solastu da Iruretagoiena, baita Brayan Altimasberes Loratuz Lotu elkarteko kidearekin. Kultur proposamenean, Maialen Lujanbioren bertsoak ekarri ditugu gogora.