Berriak
Atzealdea

Etxebizitzak alokairuan hartzeko dirulaguntza deialdia zabalik dago

Bostgarren urtez, Hernaniko Udalak etxebizitzak alokairuan hartzeko dirulaguntzak bideratuko ditu. Guztira, 219.000 euroko partida bideratuko du Udalak horretarako. Bi modalitate daude: gazteenak (18-35 urte bitartekoena) 136.000 euroko partida du eta helduenak, (<36 urtetatik gorakoena) 83.000 euroko partida. Eskaerak egiteko epea martxoaren 9an bukatuko da.

2020·01·08


Bosgarren urtea da Hernaniko Udalak etxebizitzaren alokairua ordaintzera bideratutako laguntzak eskaintzen dituela. Dirulaguntza horiek bi helburu nagusi dituzte: gazteak, bereziki, emantzipazio bidean laguntzea eta herrian etxebizitzen alokairua sustatzea. Deialdia Hernaniko herrian alokairuan bizi diren 18 urtetik aurrerakoei zuzendua dago.

Dirulaguntza horietarako 219.000 euro bideratu dira. Bi modalitate daude: gazteenak (18-35 urte bitartekoena) 136.000 euroko partida du eta helduenak, (<36 urtetatik gorakoena) 83.000 euroko partida.

2019ko deialdian kontuan izateko hainbat aldaketa daude.

    1. Batetik, diruz lagunduko diren alokairu-gastuen epea luzatu egin da. 12 hilabetekoa izan ordez, 16 hilabetekoa izango da. Beraz, diruz lagunduko dira 2019ko irailaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitarteko alokairu-gastuak.
       
    2. Bestetik, eskatzaile motak ere aldatu egin dira. Bi eskatzaile mota daude: bakarkakoa edo bizikidetza-unitatekoa. Ez dira bizikidetza-unitatetzat hartzen senidetasun edo ezkontzaren antzeko harreman iraunkorrik ez duten pisukideak. Kasu, horietan, bakarkako eskaera egin dezakete.
       
2019ko deialdiaren laburpena gaur, urtarrilaren 8an, argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Oinarriak udaletxeko iragarki taulan eta udaleko web-orrikoan argitaratuak daude. Herritarren Harrera Zerbitzuan-hhz oinarri inprimatuak eskuratu daitezke.

Eskaera egiteko epea 2020ko martxoaren 9an amaituko da. Eskaera-orria eskuragarri dago udal webgunean eta Herritarren Harreta Zerbitzuan-hhz. Eskaera-orria egoki bete eta beharrezko dokumentazioa atxikita udal erregistroan aurkeztu behar da. Aurreko urteetan eskatzaile izan bazara, eta dagoeneko eskatzen den dokumentazioa Udalean badago, ez duzu berriro aurkeztu beharko.

Behin eskaera guztiak aztertuta, beharrezkoa den kasuetan, dokumentazioa eskatzeko epea zabalduko da. Eskatzaileari gutun bidez jakinaraziko zaio zein dokumentazio aurkeztu behar duen.

Maiatza aldera espero da dirulaguntzaren behin behineko ebazpena. Eskatzaileei gutun bidez jakinaraziko zaie onuradun izan diren eta horrela bada zenbateko dirulaguntza jasoko duten. Dirulaguntza bi zatitan ordaintzen da. Lehen ordainketa ebazpenaren ondoren egiten da, horretarako dagokion dokumentazioa aurkeztu ondoren. Bigarrena, berriz, 2021eko urtarrilean izango da.

Dirulaguntza hauen kudeaketa Politika Sozialetako Haur, Nerabe eta Gazteria Arloak eramaten du. Informazio zehatzagoa behar izanez gero, ondorengo harremanerako bideak ditugu: gazteria@hernani.eus edo 943 337004 (Virna) eta 943 575435 (Maider).

Oinarriak eta eskaera orria