Berriak

Alokairurako dirulaguntzak eskatzeko epea ireki du Hernaniko Udalak

210.000 € bideratuko dira

2024·09·02


Hernanin alokairuan bizi diren herritarrek Udalaren dirulaguntza eskatzeko aukera izango dute hil honen 30a arte. Aurten, Hernaniko Udalak 210.000 € bideratuko ditu alokairuan bizi diren hernaniarrei laguntzera, erdia (105.000 €) 18-35 urte arteko gazteentzako eta beste erdia, gainerakoentzat (36 urtetik gora).

Dirulaguntzaren helburuak bi dira, Hernaniko Udaleko Etxebizitza sailak azaldu duenez: “Bereziki, gazteei laguntzea emantzipazio bidean” eta “orokorrean, herrian etxebizitzen alokairua sustatzea”.

2024ko alokairu gastuak lagunduko dira

Diruz lagunduko diren alokairu-gastuak 2024 urtekoak izango dira (urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra). Laguntza bakarka (gehienez 28.000 €ko diru-sarrera garbia urtean) edo bizikidetza-unitate gisa (gehienez 39.000 € garbi urtean) eska daiteke. Alokairu-gastuei dagokionez, lagunduko den gehienezko hileko errenta 750 €koa izango da eta onuradunak gehienez 3.600 euro jasoko ditu.

Laguntza eskatzeko, gutxienez sei hilabetez Hernanin erroldatua egotea ezinbestekoa izango da. Hernaniko Udalaren dirulaguntza ez da beste erakunde publikoek alokairurako ematen dituzten laguntzekin bateragarria.

Oinarriak eta eskaera orriak hernani.eus-en zein Herritarren Harrera Zerbitzuan (HHZ) daude eskuragarri. Eskaerak udal-erregistroan aurkeztu behar dira.

Informazio gehiago:

Emaila: etxebizitza@hernani.eus

Telefonoa: 943 57 54 33