Berriak

Atzealdea Antzerki zikloa, HernaniKomik eta herriko sortzaileen lanak izango dira udazken honetan

Hilaren 11n jarriko dira salgai sarrerak Biteri Kultur Etxean eta kultura.hernani.eus-en

2024·10·04


Urritik abendurako kultur programazioak musika, antzerkia, dantza eta literatura ekarriko ditu Hernanira. Hilaren 11n jarriko dira azarotik aurrerako saioetarako sarrerak salgai Biteri Kultur Etxean eta online.

Hernaniko sortzaileek udazken honetan garrantzia berezia izango dute herriko kultur programazioan: musikan, arte plastikoetan eta antzerkian egin dituzten lanez gozatzeko aukera izango dugu.

Antzerki zikloa, bono eta guzti

Udazkeneko Antzerki Zikloa izango da azaroan 26tik 28ra. Hiru emanaldi izango dira, bi euskaraz eta bat gazteleraz, hirurak Euskal Herriko konpainienak: Miñan (Artedrama), El patio de las moreras (Vaiven teatro) eta Futbolistoc (Zuhaitz Gurrutxaga). Antzerki zikloko bonoak ere jarriko dira salgai hilaren 11n, 20 €an hiru emanaldietara sartzeko (hauek, Biteri Kultur Etxean bakarrik eskuratu daitezke).

Batxillergoko eta Lanbide Heziketako ikasleek ere izango dute pase itxi batean Miñan ikusteko aukera. Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen izenburu bereko liburuan oinarrituta, Baldek Europara iristeko egindako bidea kontatzen du antzerkiak.

Haurrentzako lau antzerki-emanaldi ere izango dira. Horien artean egongo da Euskalbarrok Ensembleren Euskelele lana (abenduak 12), Hernaniko Musika Eskolako haurren abesbatzak lagunduta.

Abenduan, Andoni Mutiloa hernaniarraren azken lana ikusteko aukera izango da: Nire fantasia kabareta (abenduak 19).

Karena, Satxa Soriazu eta Iñigo Montero, musikan hernaniarrak nagusi

Datozen hilabeteetako musika eskaintzan, hernaniarrak izango dira nagusi. Urriaren 10ean, Beñat Elizegi eta Irati Jauregi hernaniarren eta Beñat Kamio ereñotzuarraren Karena taldeak joko du; Satxa Soriazu musikariak The megadeth project aurkeztuko du (azaroak 14) eta Iñigo Montero saxofonistak gradu amaierako kontzertua bere herrian emango du (abenduak 5, Sandiusterrin).

Urte bukaeran, zutikako kontzertua izango da. Oraingo honetan, Idoia Asurmendi aramaiorra zuzenean ikusteko aukera izango da (abenduak 28).

Dantza emanaldi bat ere izango da: Migratzaileak (Aukeran konpainia), urriaren 24an.

HernaniKomik, euskarazko komiki azoka azaroan

Hernaniko Udal liburutegiak ere hurrengo hilabeteetarako programazioa aurkeztu du. HernaniKomik izango da udazkeneko zitarik garrantzitsuena. Azaroaren 15ean eta 16an, Hernani euskarazko komikigintzaren epizentro bihurtuko da. Egitarau osoa aurrerago aurkeztuko du liburutegiak.

Ohiko ekimenak ere jarri dira martxan ikasturte berriarekin batera. Liburutegiko hiru irakurle taldeak abiatu dira (euskarazkoa, gaztelerazkoa eta feminista).

Honez gain, ipuin kontaketek berrikuntza izango dute aurten. Izan ere, aurrerantzean haurrekin heldu batek saiora sartzeko aukera izango du. Ipuin-kontaketa saio berezia izango da urriaren 23an (8-10 urte artekoentzat): Edurne Mitxeok Gau Beltza kontaketa antzeztua eskainiko du.

Gure herriko señorak’ ezagutuko ditugu

Lau erakusketa ere izango dira datozen hilabeteetan Biteri Kultur Etxean. Horietako lehenengoa hilaren 11 arte dago ikusgai, Udalbiltzaren Geuretik sortuak bekarekin sortutako komikien erakusketa.

Urriaren 16tik 25era, Errapia elkarteak Gorka Setienen eta Mikel Barreiroren omenezko erakusketa antolatu du, haien eta Errapiako sortzaileen lanekin.

Ondoren, Hernaniko Udalaren Sorkuntzarako Bekarekin Uxue eta Miren Bereziartua ahizpek sortu duten Gure herriko señorak ezagutzeko aukera izango da, urriaren 30etik azaroaren 11ra. Hernaniko 17 emakume helduren testigantzetatik abiatu dira erakusketa osatzeko.

HernaniKomikekin lotura izango du azken erakusketak. Asisko Urmeneta sortzaile nafarraren lanak ezagutzeko aukera izango da azaroaren 13tik 28ra.