Berriak

Atzealdea Antziola errekaren leheneratzea gauzatu dute, naturan oinarritutako teknikak erabiliz

2025·01·13


Antziola errekastoaren leheneratze hidromorfologikoa eta ingurumenekoa egin du Hernaniko Udalak, bioingeniaritzako teknikak erabiliz. Antziola errekastoan egindako lan horiek Lorearte finkatik Antziola auzoraino gauzatu dira, bi fasetan, eta Mercedes Valenzuela Garcia bioingeniariak zuzendu du proiektua.

 

Iñaki Zulaika Hernaniko Udaleko Hirigintza saileko teknikariak esplikatu duenez, hasieran Udalak proiektu bat egin zuen Antziola erreka leheneratzeko, ohiko ingeniaritza tekniketan oinarrituta: makinak sartu, ibilgua garbitu, harri-lubetak egin eta bestelako ekintza batzuk proposatuz... Obra hori “garestia” eta ingurumen ikuspegitik, ez zen oso “egokia”, udal teknikarien ustez. Ondoren udalak proiektua lizitatu zuen, bioingeniaritza teknikak erabiltzea lehenetsita, eta Mercedes Valenzuela Garcia bioingeniaritzan adituak egindako proiektua aukeratu zuen. Hark naturan oinarritutako teknikak erabiliz proposatu zuen egitea errekastoaren lehengoratzea egiteko, landareak erabiliz, intsusak, haltzak eta beste zuhaitz batzuk landatuz...

​​​​​​​

Valenzuelak proiektua egin zuen, eta Enherkomekin partekatu zuen udalak. Hernaniko Energia Kooperatiba da Enherkom, eta antzeko proiektuak ditu Hernaniko beste toki batzuetan, adibidez, Etxeberri auzoan bertako zuhaitz espezieak erabiliz karbonoa xurgatzeko proiektu bat esku artean du, Sagarretarekin batera. “Bi proiektu horiek hartu eta bilera eskatu genien aldundiko ingurumen sailekoei. Esan ziguten baietz, lagundu nahi zutela errekastoaren leheneratzea”.

 

Bi fasetan gauzatu da esku hartzea: goian, Lorearte finkatik behera arteko errekastoaren bideratzea egin da alde batetik; eta, bestetik, behean, Antziola auzoan, erreka lur azpian sartzen den tokian, desbideratze txiki bat egin da, eta ura iragazteko modua jarri, hodi biltzailera sartzeko moduan egon dadin.

 

Goiko zatia Naturklima fundazioak finantzatu du -bertan enpresa pribatuak biltzen dira-, eta beheko zatia diputazioko Ingurumen Sailak.

​​​​​​​

Hernaniko Udala gustura geratu da lan honekin, erakutsi baita posible dela naturan oinarritutako baliabideak erabilita, artifizializatuta edo hondatuta dauden naturaguneak lehengoratzea eta modu txukun batean berreskuratzea.