Berriak
Atzealdea

Aranzadi: "Hernaniko Udalak emandako laguntzari esker, Euskal Herri osoko beste erakundek eta udalek bat egin zuten gurekin"

1
Aranzadi zientzia elkarteak aurten 75. urteurrena bete duela eta, elkartearen ibilbidean efemeride garrantzitsu bat ospatu dute gaur. Non eta Hernanin, hain zuzen ere, Hernaniko Udala izan zelako Aranzadi sortu eta gutxira lankidetza-hitzarmena sinatu zuen lehen udala. Hernaniko udala aitzindaria izan zen, ondoren etorri baitziren beste udalak eta erakundeak. 1949ko sinadura hura gogoratu dute gaur, Hernaniko udalbatzar aretoan, Hernaniko alkate Xabier Lertxundik eta Aranzadiko lehendakari Jokin Otamendik. 73 urteko elkarlana gogora ekartzearekin batera, etorkizunean ere lankidetza horri jarraipena emateko konpromisoa berretsi dute.

2022·11·02


Lertxundik esan duenez, “Hernaniko Udalaren eta Aranzadiren arteko elkarlana aspaldikoa da eta ibilbide luzea bezain emankorra egin dugu elkarrekin. Arkeologia eta Oroimen historikoaren alorrean egin ditugu hainbat lan, baina nabarmentzekoa da Bioaniztasun alorrean izan dugun elkarlanaren emaitza oparoa, bereziki arlo horretan elkarrekin egin dugun ikerketa-lan eta ekitaldien zerrenda luzea baita”.

Hernaniko alkatearen hitzetan, “ohore handia da Hernanirentzat Aranzadi Zientzia Elkartearen historian hain leku nabarmena izatea, horren ibilbide oparoa egin duen eta gure jendartean horren prestigio handia lortu duen entitatea izanda. Hernaniko orduko agintariek apustua egin zuten jakintza sustatzeko eta zabaltzeko asmoz hitzarmen hura sinatzen eta Aranzadi elkartearen lana babesten eta guk, nola ez, iraganean hasitako elkarlan aberasgarri hura elikatzeko konpromisoa hartzen dugu etorkizunean ere”.

Jokin Otamendi Aranzadiko lehendakariak gogora ekarri ditu Aranzadiren hastapenak. "1949an, Aranzadi Zientzia Elkartea sortu eta bi urtera, hasierako “Grupo Aranzadi” eta lehenengo bazkideak erakundeen laguntza bilatzen hasi ziren. Laguntza horiek, denborarekin, ezinbestekoak izango ziren elkarteak aurrera jarraitu ahal izateko. Elkarte jaio berriaren bazkide egin ziren erakundeen artean Hernaniko Udala dago. Otamendik nabarmendu duenez, "Hernaniko Udalak emandako laguntzari esker, Euskal Herri osoko beste erakunde eta udal batzuek bat egin zuten Aranzadirekin".

Aranzadiko lehendakariak gogora ekarri ditu Jesus Elosegik, orduko Elkarteko Idazkari Nagusiak, idatzitako hitzak:

Hernaniko Udalari: 1949ko maiatzaren 7an.

"Ez dago ezer animagarriagorik eta atseginagorik Gipuzkoako herri garrantzitsuenetako bateko korporazio errektorea gurearen moduko kultura-enpresa bat babestera eta laguntzera zuzenean joaten ikustea baino, ilusioz beteta jaio baita. Udalarena bezalako kolaborazioek gure itxaropena berresten dute. Jainkoak nahi beza bere etsenpluak, gure historiako lehenak, imitatzaile ugari izan ditzan herrialdeko gainerako udaletxeetan”.

Efemeride hori gogoratzearekin batera, etorkizunean ere lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute bi erakundeek eta lankidetzarako protokolo bat sinatu dute.

Urumea Zena eta Dena hitzaldi zikloa Biterin

Bihar, Hernaniko Udalak, Aranzadi Elkartearekin batera, Urumeako bailarari natura- eta kultura-ondarearen ikuspegitik balioa ematea helburu duen hitzaldi-zikloa aurkeztuko du.

Horregatik 4 hitzaldi labur eta familia tailer bat antolatu dira Biteri Kultur Etxean. Hitzaldiak honako hauek dira:

- Urumea bailara Historiaurrean

- Izokin arrantzaren historia Urumean

- Industria- ondarearen garapena Urumean zehar

- Uhandre- piriniotarra, ur hotzeko erregina

Hitzaldiak Aranzadiko adituek emango dituzte, biologo, arkeologo eta historialarien artean.
Eta hitzaldi-ziklo honetako ekitaldiei amaiera emateko, azaroaren 5ean, larunbata, familientzako historiaurreko tailer bat egingo da Akolako jolas-gunera 11: 00etan hurbiltzen direnentzat. Izena ematea beharrezkoa da (bibe.me plataforman).

1