Berriak
Atzealdea

Arkaizpe baserria omendu dute sanixidrotan

Joxe Luix Mercader lurrari lotuta bizi izan da

2024·05·15


Gaurkoan, hainbat ekitaldi izan dira Hernanin baserritarren eguna ospatzeko. Eguna baliatuz, Santa Barbara bailaran dagoen Arkaizpe baserriko Joxe Luix Mercader Olasagarre omendu du Udalak.
 
Xabier Lertxundi alkatearen eskutik lore-sorta eta oroigarria jaso ditu Mercaderrek, hiru seme-alaben konpainian: Asier, Iñigo eta Maite. Lertxundik Mercaderrek bizitza osoan zehar nekazaritzan egin duen lana goraipatu du; “askotan, kalean bizi garenok ez gara konturatzen baserrietan zenbat lan egiten den”.
 
Arkaizpen abeltzantzan jardun izan dute, esnetarako behiekin. Gainera, seme-alabek baserriaren segidaren ardura hartu dute. 
 
Joxe Luix Mercaderrek lotura estua izan du herri kirolekin ere (arraunarekin eta segarekin). Hain justu, gaurko eguna Libe Goenaga eta Andoni Mujikaren bertsoek alaitu dute, eta herri-kirol erakustaldi batek osatu: Udane Ostolaza harri-jasotzailearen eta, Maika Ariztegi eta Oihana Fernandez de Barrena aizkolarien saioak izan dira. Pilota partidak bertan behera geratu dira eguraldiarengatik.