Berriak
Atzealdea

Web serie batek eta Urumea ibaiarekin lotutako argazkilaritza proiektu batek irabazi dute arte sorkuntza beka

Zehar Kablea Sormen Taldearen "Belarri bero, bai esan?" web seriea eta Nagore Legarretaren "Ibaia ez da toki bat, URUMEA" argazkilaritza eta ikus-entzunezkoa uztartzen dituen proiektua garatuko dira datozen hilabeteotan arte sorkuntza bekaren laguntzaz.

2020·10·16


Arte sorkuntza sustatzeko bekaren 2019ko deialdian irabazi duten sortzaileek azaldu dituzte gaur haien proiektuen nondik norakoak. Bi proiektuk irabazi dute beka hori: batetik, Zehar Kablea Sormen Taldeak (Uxue Bereziartua, Uxue Amonarriz eta Aitor Altuna gazteek osatua) aurkeztutako Belarri bero, bai esan? web seriea, eta, bestetik, Nagore Legarreta argazkilariaren Ibaia ez da toki bat, URUMEA argazkilaritza eta ikus-entzunezkoa uztartzen dituen proiektua.

Koro Etxeberria Kultura zinegotziak azaldu du zergatik sortu zuen Udalak 2016an arte sorkuntza sustatzeko beka bat. “Sormena kultura eta artearen garapenerako ezinbestekoa da eta Hernanin sortzaile asko eta anitzak ditugu. Horregatik, sormena eta sortzaileak bultzatu, sustatu eta laguntzeko sortu genuen beka hau”.

“Bekaren helburua da Hernaniko sortzaileen proiektuak eta asmoak ahalbideratzea, diruz laguntzea eta ikusgarritasuna ematea”, erantsi du.

Lehen urteetan kale arte sorkuntza izenarekin ezaguna zen beka hori, “artea eta kalea lotu zirelako eta, bereziki, arte plastikoetara bideratuta zegoelako: pintura, eskultura...”, gogorarazi du Kultura zinegotziak. “Hausnarketa kolektibo baten ondoren,  beste disziplinetara ere zabaldu nahi izan da; hala nola dantza, ikusentzunezkoak, musika, antzerkia, ea. Hala ere aukera gehiago eta hobeto banatzeko eta orekatzeko bi urtetik behin plastikoetara zuzentzen da eta beste bi urtetik behin gainontzeko disziplinetara”, adierazi du Etxeberriak.

Arte sorkuntza sustatzeko bekak 4 urteko ibilbidea egin du
Beka 10.000 eurokoa da, eta proiektu bakoitzak gehienez 6.000 euro jaso ditzake. “Emaitza zein balorazioa oso onak dira, urtez urte proiektu gehiago aurkeztu izan dira eta kalitate onekoak. Jadanik 9 artista edo kolektiboen lanak aukeratu izan dira 4 urte hauetan: 5 gauzatu dira -horietako batzuk ikus daitezke gure kale, plaza edo parkeetan-, 2 kokatze edo bukatze prozesuan daude, eta beste 2 gaur aurkezten ari gara”, esan du Koro Etxeberriak.

2016tik 18ra bitartean arte plastikoetan; kale arte sorkuntzako beka jaso dutenak:

Ikusgai:
-Ainara Azpiazu Axpi: Emakumearen omenezko horma-irudia (Ezkiaga pasealekuko frontoia).
-Aitor Ruiz de Egino: Betitsua (Ave Maria parkea eta Atarrabiyo parkean dauden eskulturak)
-Iker Valle. Eskultura (Ave Maria parkean)
-Mikel Eizmendi, zuri-beltzeko horma-irudia (Gay Murreko tunelean).
-Maider Kalonje, Txori hegalari eta ameslaria horma-irudia (Karabeleko tunelean).

Kokatze prozesuan:
-Gotzon Huegun. Eskultura
-Ainara Garcia. Argazkilaritza

2019ko deialdian laguntza jasoko dutenak:
-Nagore Legarreta, “Ibaia ez da toki bat, URUMEA, du izena.
-Zehar Kablea Sormen Taldea (Uxue Bereziartua, Uxue Amonarriz eta Aitor Altuna) Belarri bero, bai esan?  Web seriea. Sei atalez osatutako web seriea. Lantegi batean aritzen diren lau emakume protagonista eta haien arteko elkarrizketak -sexualitateaz, umorez eta euskaraz-.

2020ko deialdiaren oinarriak prestatzen ari da Kultura Saila eta laster argitaratuko da deialdia. Aurtengo deialdia arte plastikoen proiektuei dagokie.