Berriak
Atzealdea

Erroilaburu-Añua bidearen asfaltatze-lanek abiatuko dute aurtengo asfaltatze-plana

Ostegunean, urriaren 14an, aurtengo asfaltatze-planari ekingo dio Udalak. Erroilaburu-Añua bidea izango da lehenengoa. Bi eguneko lanak aurreikusten dira zoladura konpontzeko. Hori amaituta, bi asteko geldialdia egongo da eta azaroaren hasieran berrekingo zaio planaren zatirik handienari. Beti ere eguraldiak horrelako lanengan izan dezakeen eragina kontuan harturik (euriarekin orokorrean ezin da asfaltatu, ezta hotz gehiegi egiten duenean ere). Aurreikusitako iraupena bi hilabetekoa da.

2021·10·13


Asfaltatze-plan honen helburua Hernaniko hainbat kale eta herri-bidetako zoladura berritzea edota birgaitzea da. Berritze horiek eremu batzuetan bere osotasunean burutuko dira eta beste batzuetan zatika; gainera, puntu zehatz batzuetan azaldutako patologiak ere konponduko dira.

Aztertutako kale eta herri-bideetako zoladura oso hondatuta dago; pitzadura, koska eta azalerako kalte ugari daude, eta horiek lehenbailehen konpontzea beharrezkoa da. Gainera, kalte handiagoak (pitzadura handiak, zuloak, ondulazioak…) dituzten zatiak ere badaude, eta, horregatik, zati horietan konponketa sakonagoa egitea beharrezkoa da.

Hainbat dira zoladuraren hondatzearen arrazoiak, baina arrazoi nagusiak ondorengoakdira: erabileraren ondorioz sortutako higadura, trafiko astunaren eragina eta zoladuraren adina.
Obra hauen aurrekontua da 389.532,5 eurokoa (BEZa barne).

LANEN DESKRIBAPENA

ERROILABURU-AÑUA BIDEA

Herri-bide hau Martindegi auzoan hasi eta Añua baserrira iristen da. 2019ko asfaltatze planean bide honen lehen zatia birgaitu zen. Birgaitze-lanak bide horrek Erroilaburu bidearekin duen bidegurutze inguruan amaitu ziren.

Oraingoan egingo diren lanak lehenengo fasea bukatu zen puntuan hasiko dira eta egun asfaltatuta dagoen bide osoan egingo dira, hau da, Añua baserriraino. Konpondu beharreko bide-zatiaren luzera 700 m ingurukoa da eta batez besteko zabalera 4,5 m-koa da.

Bide honetan egiteko nagusia errodadura-geruzaren sendotze-tratamendua da. Horretarako, oso hondatuta dagoen zatietan, aldez aurretik zegoen geruza kentzea aurreikusten da.
Bidegurutzeetan eta jabetza pribatuko sarreretan bideak zabalera handiagoa du. Haietan ere asfaltoa berrituko da, dauden zabalerak mantenduko dira, eta beharrezko juntura tratamenduak egingo dira.

AKAN-JUANANTONENEA BIDEA

Akarregi industrialdearen atzeko aldetik iristen da herri-bide honetara. Egin beharreko birgaitze-lanen hasiera A-15 autobidea azpitik gurutzatu eta Akan baserriko bihurgunearen ondoren dago. Puntu horren aurretik hainbat konponketa egin dira azkenaldian asfaltoan.
Konpondu beharreko bide-zatiaren luzera 500m ingurukoa da eta bataz besteko zabalera, 4,5 m-koa. Bidearen lehenengo zatian Santsanategi bidearen bidegurutzeraino eta 4 m-koa bidearen bigarrengo zatian puntu horretatik aurrera.

Bide honetan egiteko nagusia errodadura-geruzaren sendotze-tratamendua da. Horretarako, zati batzuetan aldez aurretik zegoen geruza kentzea aurreikusten da, oso hondatuta dagoen zatietan, hain zuzen ere.

Bidegurutzeetan eta jabetza-sarreretan bideak zabalera handiagoa du. Haietan ere asfaltoa berrituko da, dauden zabalerak mantenduko dira, eta beharrezko juntura tratamenduak egingo dira.

USATEGIETA BIDEA (LASTAOLA)

Herri-bide honek Ibarluze industrialdea Pardiolako bidearekin lotzen du. Konpondu beharreko bidearen zatia Lastaola industrialdearen atzeko aldean hasten da eta bideak Fagollaga bidearekin duen bidegutzean amaitzen da, hau da, Lastaolaberri eta Lastaolagoikoa baserrien inguruan.

Bideak bere lehenengo zatian Lastaolako industrialdea zeharkatzen du eta  zabalera handiagoa du (6,5 m inguru). Zati honetan bidearen higadura nabarmena da. Hori dela eta, saneo-tratamendua egin beharko da asfaltoaren errodura-geruza berritu aurretik.
Indutrialdetik irtetean bidearen zabalera txikiagoa da, 4,5 m ingurukoa. Bidearen  bigarrengo zati honetan, errodadura-geruzaren sendotze-tratamendua egitea aurreikusten da.

Bidegurutzeetan eta jabetza-sarreretan bideak zabalera handiagoa du. Haietan ere  asfaltoa berrituko da, dauden zabalerak mantenduko dira, eta beharrezko juntura tratamenduak egingo dira.

EREÑOTZU-ALKATXURAIN BIDEA

Herri-bide honen hasiera Ereñotzuko herrigunearen goiko aldean dago. Egin beharreko lanak bi zatitan banatzen dira.

Ahal denean errodadura-geruzaren sendotze-tratamendua egingo da bide honetan, baina zati batzuetan bidearen azpiko lauza eraistea eta berria eraikitzea beharrezkoa izango da.

Bidegurutzeetan eta jabetza-sarreretan bideak zabalera handiagoa du. Haietan ere asfaltoa berrituko da, dauden zabalerak mantenduko dira, eta beharrezko juntura tratamenduak egingo dira.

ERTZAINTZAREN BIRIBILGUNEA

Briribilgune hau Ertzaintzak Hernanin duen komisaldegiaren ondoan dago. Biribilgunearen zati batean ez da asfaltoa berrituko egoera onean dagoelako aurretik egindako berritze baten ondorioz. Aldiz, biribilgunearen beste zati batean, barruko aldean, hain zuzen ere, saneo-tratamendua egitea aurreikusten da eta zati horretan hondatutako zintarria berrituko da.

LIZEAGA KALEA

Kale honetako asfaltoaren egoera oso txarra da. Hainbat puntutan behin-behineko konponketak egin dira azken urteetan, eta oraingoan kalearen errodadura-geruzaren berritzea aurreikusten da.

Fase honetan birgaitze-lanak kalearen bukaerako zatian bakarrik egingo dira, Lizarraga kaletik aurrera. Izan ere, puntu horren aurretik errepide azpian fibrozementuzko (amiantoa duen) ur-horniduraren hodia dago errepide azpian, eta  asfaltoa berritu aurretik hodi hori berritzea gomendagarria da. Horregatik, kalearen lehenengo zatia bigarrengo fase batean berrituko da, datozen urteetako asfaltatze planeetan.

ATZIETA KALEA

Kale honetako asfaltoaren higadura oso nabarmena da, eta azken urteetan zehar  behin-behineko konponketak egin behar izan dira. Hori dela eta, kale osoaren errodadura-geruzaren berritzea aurreikusten da.

TXIRRITA KALEA

Kale honek trafiko handia du, eta asfaltoaren higadura nabarmena da. Hori dela eta, errodadura-geruzaren berritzea aurreikusten da Gainera, hiriarteko autobusen geltokian asfaltoaren egoera oso txarra da, eta, horregatik zati horretan saneo-tratamendua egin beharko da aldez aurretik oinarrizko geruzak berritzeko.

ORKOLAGA PLAZA

Etxebizitzen artean dagoen plaza bat da. Azalerako aparkaleku funtzioa betetzen du bereziki, baina ibilgailuarekin plaza zeharkatzeko aukera ere badago.

Plazako asfaltoaren egoera oso txarra da. Hori dela eta, plaza osoko asfaltoaren errodadura-geruzaren berritzea aurreikusten da.

ARISTIZABAL KALEA

Kale honetan, osasun zentru edo anbulategiaren aurrean dagoen kale-zatia birgaitzea aurreikusten da.

PERKAIZTEGI KALEA

Kale honetako asfaltoaren errodadura-geruzaren higadura nabarmena da. Horregatik, ubideen artean errodadura-geruzaren berritzea aurreikusten da kale osoan zehar, eta aparkalekuen berritzea kalearen hirugarrengo zatian.

Gainera, kalearen hirugarrengo zatian ubidearen konponketa egitea beharrezkoa izango da, eta abiadura murrizteko asfaltoan dauden koskak eraitsiko dira. Koska horien ordez egun erabiltzen diren plastikozko prefabrikatuak jarriko dira.

NAFAR KALEA

Herriko alde zaharretik gertu dagoen kalea da. Izpizua eta Elkano kaleen artean dagoen kalearen zatian asfaltoaren higadura handia da. Horregatik, errodadura geruzaren berritzea aurreikusten da.

Erdiguneko kale hauetan guztietan aparkaleku, zerbitzuen kutxatila, pibote eta koska ugari daude. Lanak egin aurretik beharrezko pibote eta elementu guztiak kenduko dira eta lanak amaitzean berrezarri beharko dira. Arketa edo kutxatilen erregistro-tapak asfalto berriaren mailara egokitu behar izatea aurreikusten da. Zoruko seinaleztapen guztia margotu beharko da asfaltze-lanak amaitzean, aparkalekuak barne.

BESTELAKO ESKUHARTZEAK

Aurreko ataletan deskribatutako lanak egiteaz gain, herriko hainbat kaleetako zati txikiagoetan koska edo zuloen konponketak ere egingo dira. Bestalde, herri-bide baten zati batean hormigoi armatuzko lauzaren konponketa ere egingo da.

Konponketa hauek ondoren adierazitako kaleetan egitea aurreikusten da, baina lanak egin aurretik edo bitartean baiteke aldaketak ematea edo zati berriak gehitzea udal teknikariek horrela adieraziz gero.
    • Elkano Kalea – Latsunbe bidegurutzea
    • Elkano Kalea- Urumea Ikastola
    • Elkano Kalea– Izpizua bidegurutzea
    • Larramendi Kalea – Milagrosa
    • Sagastialde Kalea – Udal Haurreskola ondoko aparkalekua
    • Txillida Etorbidea
    • Portu – Shangai ondoan
    • Florida 1-28
    • Florida 46
    • Txonkuenea herri-bidea (Osinaga)