Berriak

Atzealdea Asteklima izango da datorren astean, “herritarrengan ingurumen-kontzientzia sakontzeko”

Bi kale-erakusketa eta film emanaldiak izango dira hilaren 19tik 23ra

2026·10·15


Datorren astean Asteklima, Klima eta Energiaren Astea izango da. Hernanin ere izango du oihartzuna ekimenak, ekintza klimatikoaren aurrean konprometitutako herria baikara.

Urriaren 19tik 23ra bi kale-erakusketa egongo dira ikusgai. Batean, Zinkoeneako biribilgunean ikusgai jarriko dira urtarriletik urrria bitarte Urumea ibaian egindako garbiketetan aurkitutako hondakin bereziak. "Giza-jarduerak tokiko ekosistemetan duen inpaktua ikusarazi eta herritarrengan ingurumen-kontzientzia sakona sortzea da helburua", adierazi du Ainara Atorrasagasti Ingurumen zinegotziak. 

Beste erakusketa Gudarien plazan egongo da ikusgai egun horietan beretan. Uxue Lasa artista eta aktibistak Hernaniko Udalak eskaintzen duen tamaina handiko hondakinen bilketa zerbitzutik jasotako objektuekin egin duen esku-hartze artistikoa izango da. "Ekintza honek kontsumoari buruzko hausnarketa eragitea, birziklapena sustatzea eta sormen partekatuaren bidez komunitatea batzea du helburu". Udalak, Caradepan eta Batuz Gizarte Fundazioarekin lankidetzan garatu du ekimena. 

Bide batez, Udalak gogorarazi nahi du tamaina handiko hondakin eta altzarien bilketa zerbitzu berri bat jarri duela martxan irailean: EGURRA. Zerbitzu honek berrerabiltzeko moduan dauden altzariak etxeetan bertan jasotzen ditu eta Batuz Gizarte Fundazioaren bidez, bigarren bizitza ematen die. EGURRA doako zerbitzua erabiltzeko, 943 33 70 00 telefonora deitu behar dute herritarrek.

Film-emanaldiak, hilaren 20an Biterin

Zine-emanaldia ere izango da Asteklimaren baitan. Klimaren gaiari lotutako film labur eta luze bana emango dira urriaren 20an Biteri kultur etxean (19:00, doan). 

Haolout film labur dokumentalak Siberiako Artikoan isolatuta bizi den itsas biologo bat dakar pantailara. Morsa migraizio handi bat ikusi zain dago, baina aldaketa klimatikoak bere asmoetan eragina izango du.

Emango den film luzea Flow izango da. Elkarrizketarik gabeko filma da kolapso ekologikoari, erresilientziari eta animalia-lankidetzari buruzko fabula hau.