Berriak
Atzealdea

Atletismo pistako jaurtiketa kaiola lekuz aldatu eta sarea berritu da

Atletismo pistaren inguruko belardia konpondu eta korrika egiteko prestatzeko proposamena 2018ko Hernani Erabaki partaidetza aurrekontuetan onartu zen. Hura gauzatzeko zenbait arazo zeudela ikusita, proposamena aldatu eta jaurtiketa kaiolaren sarea berritzea adostu dute CDH Atletismo klubak eta Udalak. Aurrekontua ere igo behar izan da segurtasuna bermatzeko kaiola lekuz mugitu behar izan delako. Guztira, 26.964,85 euroko inbertsioa egin du Udalak.

2023·04·24


Proposamena 2018ko Hernani Erabaki partaidetza aurrekontuetan onartu zen. Jatorrizko proposamena hauxe zen: “Atletismo pista inguruan belarra txukundu eta korrika egiteko prestatu”. Dena dena, lantzen hasi zenean, zailtasun batzuk azaldu ziren eta, 2020an, CDH atletismo klubak berak proposatu zuen hasierako aukera aldatzea eta, horren ordez, jaurtiketa eremuko sarea konpontzea.

2018ko proposamenerako aurreikusitako partida 17.000 eurokoa zen. Proposamen berria aurrekontu horrekin egitea ez zen bideragarria, segurtasun arazoak direla medio. Hortaz, atletismo klubak eta Udalak adostu zuten kaiola lekuz aldatu eta aurrekontua igotzea. Orain amaitu berri den esku-hartzean 26.964,85 euroko inbertsioa egin du Udalak.