Berriak

Atzealdea AURREKONTUAK 2027

Gaurko beharrei erantzunez, biharko Hernani eraikitzen

2026·11·04


2027rako aurrekontuekin, legegintzaldi honetan landutako norabidean beste urrats bat egingo dugu: zerbitzu publikoak indartu, trantsizio ekosozialetan aurrera egin, herriko eragileekin elkarlana sendotu eta Hernaniko espazioak gaurko zein biharko beharretara egokitu.

42.273.000 €ko aurrekontua aurkezten dugu, aurreko urtekoa baino %5,9 handiagoa. Igoera horretan eragina dute bai Foru Funtsaren ekarpen handiagoak, bai udalaren politika fiskalean hartutako erabakiek.

Baina kopuruaz harago, aurrekontu hauek erakusten dute zer lehenesten dugun eta zer herri eraiki nahi dugun. Gaur hartzen ditugun erabakiek berehalako eragina dute herritarren egunerokoan, eta datozen urteetarako oinarriak ere ezartzen dituzte. Horixe da gure ikuspegi politikoa: gaurko beharrei erantzutearekin batera, biharko Hernani prestatzea.

Legegintzaldian landu ditugun hainbat egitasmo gauzatzeko unean gaude. Aurrekontu hauek lan horri jarraipena eta baliabideak emango dizkiote.

Zerbitzu publikoak indartu

Herritarren ongizatea bermatzeko, zerbitzu publiko sendoak behar izaten dira, behar berriei erantzuteko gaitasuna dutenak. Horri begira, Hernaniko Udalak zerbitzu publikoen estaldura zabala du, urteetan zehar hartutako erabaki politikoen eta egindako apustu argiaren emaitza. Izan ere, zerbitzu publiko sendoak izatea, herritarren ongizatea erdigunean jartzen duten erabakien ondorioa da. 

Konpromiso horri eutsiz, aurrekontu hauetan gastu arrunta %5,1 handituko dugu, zerbitzuei eutsi eta horiek hobetzeko, baita udal kontratuetako langileen hitzarmen kolektiboetan jasotako hobekuntzak bermatzen jarraitzeko ere. Horren adibide da aurten Etxeko Zaintza Zerbitzuak izango duen aurrekontu-igoera.

Haur, Nerabe eta Gazteriaren arloan %40ko igoera nabarmena iznago dugu. Igoera horren atzean, azken urteotan hezkuntza formalarekin zein ez-formalarekin elkarlanean egindako lana eta eraikitako sarearen emaitza dago. Izan ere, hezkuntza-eragileekin elkarlanean egindako bideak eta herritarren parte-hartzeak ahalbidetu dute gaur egun aurkezten dugun eskaintza eta konpromiso-maila handitzea.

Gaztelekua berriro irekitzea eta auzoetako haurrentzako tailerrak indartzea izango dira hazkunde horren adibide nagusietako batzuk. Helburua argia da: haur, nerabe eta gazteek herrian beren espazioak, aukerak eta erreferenteak izatea. Horretarako, haur eta nerabeen sustapena eta asialdi hezitzailea ardatz dituen eredua garatzen jarraituko dugu.

Inklusioaren arloan ere epe luzeko apustua egingo dugu. Eskualdeko udalekin eta Beterri Buruntza Mankomunitatearekin batera inklusio estrategia integrala landuko dugu, eta aurrekontuan inklusio zentroa egokitzeko partida jasoko dugu. Hernaniarrentzat estrategikoa da bazterketa egoerei erantzuteko baliabideak eta erakundeen arteko koordinazioa indartzea.

Bestalde, herriko eragileekin ditugun hitzarmenak indartzen jarraituko dugu. Hernaniarren etorkizuna eraikitzeko ezinbestekoa diren eragileen ezagutza, ekimena eta eguneroko lana babestuz. Horregatik, Bertsozale Elkartearekin, Kantuzekin eta Gorakirekin hitzarmen berriak aurreikusi ditugu, kultura, euskara eta komunitatea sustatzeko.

Era berean, Berriak elkartearekin merkataritza-hitzarmena indartuko dugu, eta auzoetako elkarteekin ditugun hitzarmenak %5 handituko ditugu, auzoko jaietara bideratu eta auzoko bizitza sustatzeko. Elkarlanaren bidez, herriko eragileei babesa eta baliabideak eskaintzea gure aurrekontu-konpromisoaren parte izango da.

Etxebizitza

Etxebizitzak, berriz, erantzun osagarriak eskatzen ditu. Bi jardunbide nabarmendu nahi ditugu. Batetik, etxe hutsak mobilizatzeko lana indartuko dugu. Etxebizitza Behatokiari aholkularitza juridikoa gehituko diogu, bide horretan urratsak egiteko laguntza eskaintzeko.

Bestetik, etxebizitza sozialak sustatzeko ekintza-planarekin jarraituko dugu. Urte amaieran Etorlurrekin hitzarmenaren sinadura bideratuko dugu, Floridako babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko partzela bat Udalak jasotzeko, 2027an Eusko Jaurlaritzari lursail horien lagapena egin, eta bertan alokairuko 40 etxebizitza eraiki ditzan.

Etxebizitzaren arazoari erantzuteak gaurko beharrak artatzea eta datozen urteetan eskaintza handitzeko baldintzak sortzea eskatzen du. Bi norabideetan ari gara lanean: etxebizitza htusak mobilizatzeko tresnak indartuz eta etxebizitza publiko berriak sustatzeko urrats zehatzak emanez. 

Trantsizio ekosoziala

Azken urteetako emaitzek erakusten dute trantsizio ekosoziala baliabide publikoak hobeto kudeatzeko aukera ere badela. Energia gutxiago kontsumituz eta hondakinak behar bezala bereiziz, udal gastua murriztea lortu dugu. Horixe da gure apustuaren balio erantsia: ingurumenaren aldeko erabakiak hartzeaz gain, diru publikoa aurreztea eta aurreztutako baliabideak herritarren beharrei erantzuteko erabilgarri izatea.

Trantsizio ekosoziala udal erabakietan eta baliabide publikoak erabiltzeko moduan gauzatzen da. Azken urteetan instalazio fotovoltaiko eta termikoak jartzen eta argiteria LED sistemara aldatzen aritu gara, bide horretan jarraituko dugu. Inbertsio horiei esker, energia-kontsumoa murriztu eta argindarraren fakturak aurreztea lortu baitugu.

Hondakinen kudeaketan ere ikusten da lotura hori. Bilketa sailkatua egoki egiteak San Markoren tarifan aurrezpena dakar. Herritarrek egunerokoan egiten duten ahaleginak ingurumenari egiten dio mesede, eta udalaren gastuan ere badu eragina. 

Uraren kudeaketan, kontagailuak berritzeko 162.000 euro aurreikusiko ditugu. Ur-galerak saihesteko eta baliabide hori hobeto kudeatzeko lanean jarraituko dugu.

Erabaki horiek guztiak ezagutza sendoan oinarritzea ere ezinbestekoa da. Hor kokatzen da BC3rekin lau urterako hitzamena. Haren laguntza zientifikoarekin, Hernaniko Trantsizioaren Behatokia garatuko dugu, udal politiken eragina aztertzeko, hobetu beharrekoak identifikatzeko eta etorkizuneko erabakiak datuetan oinarritzeko. 

Trantsizio ekosozialak lehen sektorea indartzea ere eskatzen du, tokiko elikagaien ekoizpena bultzatuz. Horregatik, lehen sektorera bideratutako ekarpena %15 handituko dugu. Hernanikua egitasmoaren barruan, Karabelen baratzeetako ekoizpena bultzatzeko, dinamizazioa eta formakuntza indartzeko, Nekazaritza Eskolaren koordinazioa lantzeko eta ekintzaile berriei laguntzeko baliabideak jarriko ditugu. Helburua da elikagaiak herrian ekoizteko gaitasunari jarraipena eta etorkizuna ematea. 

Herriko espazioak egokitzea eta etorkizunerako prestatzea

Hernani etorkizunerako prestatzeak auzoak biziberritzen jarraitzea esan nahi du: herriko kaleak, plazak eta ekipamenduak egokitzea, eguneroko bizitza errazteko eta herritarren arteko topaguneak indartzeko. Herri osoari begiratzen dion ikuspegia da, auzo bakoitzaren beharrei eta aukerei erreparatzen diena. 

Bide horretan, kulturguneak eta lur azpiko aparkalekuak ekarriko duten eraldaketa lantzen jarraituko dugu. 2027a Lizeagako proiektua zehazteko urtea izango da, hurrengo urtean obrei ekiteko helburuarekin. Epe luzeko esku-hartzea da, inguruko espazioak eta herritarrek horiek erabiltzeko modua berrantolatzeko aukera emango duena.

Urbieta kalearen oinezkotzea ere behin betiko bihurtuko dugu, bere garaian egindako apustuak emaitza onak izan dituela ikusita, herritarren topaketarako eta komunitate bizitzarako duen balioa sendotzeko.

Etorkizunerako azpiegituren artean, zuntz optikoko sare neutroa zabaltzen jarraituko dugu. Lau urterako plangintza estrategikoa garatzea da helburua, hedapena norabide argiarekin egiteko. Helburua da herritar eta enpresei konexio azkarragoa, kalitatezkoa eta irisgarriagoa eskaintzea. 

Esku-hartze horiek guztiek ikuspegi bera dute: auzo biziak, ekipamendu egokiak eta herritarren beharrei erantzungo dieten espazioak izatea, gaur eta datozen urteetan.

Lau ildo horiek norabide politiko bera osatzen dute: herritarren ongizatea zaintzea eta Hernanik etorkizuneko erronkei erantzuteko duen gaitasuna indartzea.

Zerbitzu publikoetan, energian, etxebizitzan, tokiko ekoizpenean, kulturan eta herriko espazioetan hartzen ditugun erabakiek gaur dute eragina. Eta haien ekarpena datozen urteetan ere nabarituko da.

Horixe da aurrekontu hauen bidez egiten dugun apustua: gaurko beharrei erantzunez, biharko Hernani eraikitzen jarraitzea.