Berriak

Atzealdea Aurtengo Merkataritza Festak ehungintza izango du ardatz

Udalak, Berriak elkarteak eta Hernani Burujabek indarrak batu dituzte aurtengo egitaraua osatzeko

2024·09·12


Aurten, berrikuntzekin dator Hernaniko Merkataritzaren Festa. Izan ere indarrak batu dituzte Hernaniko Udalak, Berriak merkatarien elkarteak eta Hernani Burujabeko Bidea herritar taldeak eta Ekhilurrek hilaren 19rako eta 20rako egitaraua antolatzeko.

Patxi Ibarguren Tokiko Garapeneko zinegotziak azaldu duenez, eraldaketaren atzean bi arrazoi daude: “Batetik, festak eredu berri bat behar zuela ikusten genuen eta bestetik, Bidea herritar taldea Merkataritza Mahaira hurbildu zen ehungintza burujabetzaren inguruko kezkarekin”. Hernaniko Merkataritza Mahaia Udalak, Berriak merkatarien elkarteak eta Ekhilurrek osatzen dute.

Hori horrela, indarrak batu eta ehungintzaren inguruko Merkataritza Festa antolatzea erabaki da. Ibargurenek azaldu duenez, “aurrerantzean, Merkataritza Festa tematikoa izatea da gure asmoa, urtero sektore bat ardatz hartuta”.

Aurtengoan, beraz, Merkataritza Festa ehungintza burujabetzaren ingurukoa izango da. Hori horrela, hilaren 19an ehungintza burujabetzaren inguruko praktika eredugarriak ezagutzeko aukera izango da mahai-inguru batean eta 20 ostiralean, Merkataritza Festarekin kalera aterako dituzte euren salgaiak herriko komertzioek eta ehungintza azoka berezia izango da Zinkoenean.

Herriko ehungintza sektorearen argazkia ateratzen ahalegindu da Bidea

Ehungintzaren sektorearekin lotutako 37 komertzio daude Hernanin. Hernani Burujabeko Bidea herritar taldeak horien inguruko lanketa egin du, “denden egoeraren berri eduki eta bezeroen profila ezagutzeko, egoeraren osotasuna zein den jakiteko”, azaldu du Bideako Lide Iraolak.

14 komertziok parte hartu dute Bidearen galdetegian. “Erantzunek aditzera eman dute herriko saltzaileek kontzientziazio maila handia dutela: jatorria begiratzen dute eta erabilitako lehengaiari garrantzia ematen diote”. Halare ere, Iraolak aitortu duenez, “bizirauteko ezinezkoa zaie sistematik kanpo aritzea eta oreka mantentzen saiatzen dira: enpresaren eta ekoizpenaren jatorriaz gain, diseinua eta prezioa ere kontuan hartu behar izaten dituzte”.

Ehungintza burujabetzari buruzko mahai-ingurua, ostegunean Biterin

Ehungintzaren sektorean burujabetzaranzko jauzia oraindik utopia gisa ikusten da. Horregatik, egoera ezagutu eta hori irauli ahal izateko egon daitezkeen alternatibak ezagutzea lehen pausoa da”, esan du Bideako Lide Iraola Azpeitiak.

Hori dela eta, ehungintza burujabetzaren inguruko mahai-ingurua izango da Biteri Kultur Etxean (irailaren 19an, 19:00etan). Berriak elkarteko Aitor Altunak dinamizatuta, Aitziber Zubillaga Emaus Fundazioko zuzendaria, Top Mantako Maria Elena Coa eta Kotoiko Fanny Alonso ariko dira hizketan Non eta zein baldintzatan sortzen da janzten dugun arropa? Ba al da alternatiba jasangarriagorik? galderen bueltan.

Emaus Fundazioak denda ireki zuen 2023an Hernanin. Zubillaga bereziki Sin Desperdicio markaren inguruan ariko da: poltsa eta osagarrien marka hau iragarki-olanak birziklatuz egiten dute, lan merkatura sartzeko zailtasunak dituzten pertsonekin. Top Manta Bartzelonako (Herrialde Katalanak) saltzaile ibiltarien marka solidario eta soziala da, irizpide etiko eta iraunkorrak dituena eta manteroen bizi-kalitatea hobetzeko sortua. Kotoi, berriz, Hernanin bertan kokatutako marka bat da. Enpresek denboraldi kontuengatik deskatalogatzen dituzten ehun eta material soberakinekin sortzen dituzte euren piezak, fast fashion eta erosketa konpultsibo eta alferrikakoengandik urruntzen den logika bat aldarrikatuz.

Azoka Zinkoenean eta produktuak kalean

Ostiralean (hilak 20), egun osoko azoka izango da Zinkoenean. “Kaxkoan eta Antziolan daude Hernaniko komertzio gehienak, eta Zinkoenea nolabait bada bi eremuen arteko topagunea”, azaldu du Jaione Irazu Udaleko Merkataritza teknikariak.

10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara, azoka horretan herriko eta inguruko diseinatzaile eta sortzaileen, Emausen eta Top Mantaren postuak aurkituko dituzte herritarrek. Guztira, 18 postu egongo dira (Arrate eta Nekane; Artilan-Ekinaizea; Baobab keramika; Berexiart-Pakita Studioa; Bihurri; Byolariz; Emaus Fundazioa-Sin Desperdicio; Esther; Hemendik hara; Itzal; Koloretako mundu berriak; Korapilatuta; Ni naiz; Puochinah; eta Top Manta).

Horrez gain, jostunek kalea apaintzeko banderatxoak josiko dituzte. “Herritarrei etxetik oihalak eramateko eskatu nahi diegu”, azaldu du Patxi Ibarguren zinegotziak. Josteko-makinak kalera aterako dituzte, “josgintzaren lanbideari ikusgarritasuna emateko”.

Arratsaldean, oihal eta argizarizko biltzekoak egiteko tailerra izango da (17:00etan). Tailer irekia izango da, edozein adinetako herritarrentzako. Haurrek, hala ere, heldu baten laguntzarekin parte hartu beharko dute. Bukatzeko, Arbasoak taldearen kontzertua izango da (18:00etan).

Zinkoenea azoka gune bihurtuko bada ere, Berriak-eko komertzioek euren produktuak kalera aterako dituzte, Merkataritza Festan ohikoa denez. “Bertako edo produktu jasangarriak lehenesteko eskatu diegu”, azaldu du Altuna Berriakeko teknikariak.

Valen jantzi-dendak, 50. urteurrena eta omenaldia

Merkataritza Festaren baitan, aurten 50 urte bete dituen herriko komertzio bat omenduko da. Aurtengoan, Valen jantzi-dendak jasoko du ongi merezitako omenaldia (hilaren 20an, 13:15ean, Berriak-en).

“Hernaniko Merkataritza Festa herriko merkataritza sektore osoa ospatu, zoriondu eta omentzeko da”, azaldu du Aitor Altuna Berriak-eko teknikariak. “Herri bizi nahi bat nahi badugu, merkataritza ezinbestekoa da eta horregatik animatu nahi ditugu herritar guztiak Merkataritza Festara eta egunerokoan ere herriko komertzioetan duten konfiantza erakustera”.

Ildo beretik, Patxi Ibarguren zinegotziak herritar guztiak gonbidatu ditu antolatutako ekintzetan parte hartzera eta “ehungintza burujabetzaren inguruan hausnartzen hastera”.