Berriak
Atzealdea Autokonponketa tailerra martxan jarri du Hernaniko Udalak
2024·05·21
Hernaniko Udalak autokonponketa tailerra martxan jarri du. Zerbitzu berri hau Karabel auzoko Oleta kaleko 25. zenbakian aurkituko dute herritarrek, maiatzaren 28tik aurrera. Egun horretan, ate irekiak izango dira, herritarrak zerbitzua ezagutzeko aukera izan dezaten.
Ainara Atorrasagasti Ingurumen zinegotziak zerbitzu berri hau “Hernanin hondakinen zero zabor filosofiarekin dugun konpromisoaren erakusle” dela adierazi du. “Gure herriak hondakinen kudeaketan egiten duen lanean beste urrats bat gehiago da”. Ingurumen zinegotziak herritarrak gonbidatu ditu ate irekien egunean bertaratzera, zerbitzua ezagutu dezaten.
Atorrasagastik azaldu duenez, “hondakinen prebentzioarekin lotuta” sortu du Ingurumeneko Hondakinen sailak zerbitzu berri hau. “Egungo sistemak kontsumo azkarra sustatzen du. Neurrigabeko kontsumo horrek inpaktu negatiboak ditu ingurumenean eta kutsaduran”.
“Hondakinik onena sortzen ez dena” dela gogora ekarri du Atorrasagastik. Hain zuzen ere, horixe da autokonponketa tailerraren helburua: hondatutako bizikleta, aparailu, altzari eta arropen bizitza luzatzea, “hondakinen sorrera ekidin nahi da, materialei bizi berri bat emanez eta ekonomia zirkularra sustatuz”.
Hiru gunetan banatuta dago konponketa tailerra
Tamara Zapiain Hernaniko Udaleko Jasangarritasun teknikariak azaldu duenez, “tailerra hiru gunetan banatu dugu: bizikleten konponketa txokoa, aparailu elektriko eta elektroniko txikiak konpontzekoa, eta joskintza gunea. Eguneroko bizitzan erabiltzen ditugun tresnak konpondu, berreskuratu eta berrituz berrerabiltzea sustatzeko”. Erabiltzaileak tailerrean konponketak egiteko beharrezko erremintak aurkituko ditu, “baina materiala berak eraman beharko du”. Horretarako, herriko komertzioek aukera handia eskaintzen dutela gogora ekarri dute Udaletik.
Konponketa tailerra erabiltzeko ez da aldez aurretik txandarik hartu beharko. Hara joatea aski izango da. Horrez gain, bi erreminta-kaxa ere jarriko dira herritarren eskura, “gailu eta altzari txikiak konpontzeko tailerra izango baita; baina suertatu daiteke etxean gauza handiagoak konpontzeko beharra izatea eta erremintak faltatzea. Horretarako, kaxa hauek utziko ditugu maileguan”, azaldu du Zapiainek.
Asteartetan egongo da irekita (10:00-13:00 eta 16:00-19:00) eta hileko lehenengo larunbatetan ere bai (10:00-13:00). Tailerrean hezitzaile bat egongo da, erabiltzaileen zalantzak argitzen laguntzeko.
Hilero formakuntza ikastaroak antolatuko dira
Konponketa tailerrean dauden altzari guztiak berrerabilitakoak dira. Hernaniko Udalak altzari bilketan zein poligonoetako hondakinen bilketan jasotako materialak berrerabiliz egin dituzte bertan dauden mahaiak, txokoak edota erremintak jasotzeko altzariak Udaleko arotzek.
Konponketa tailerrean formakuntza ikastaroak ere emango dira, hilero. Herriko komertzioek emango dituzte ikastaro hauek. Altzarien berritzea, joskintza, informatika edota bizikleten konponketei buruzkoak izango dira.
Ikastaro hauetako lehendabizikoa ekainaren 1ean izango da (10:00etatik 11:30era, euskaraz). Lehenengo saio horretan altzariak berritzen eta dekoratzen erakutsiko dute Aurki eskulanetako arduradunek.
Saioa dohainik izango da, baina aldez aurretik izena ematea derrigorrezkoa izango da, tokiak mugatuak direlako. Horretarako konpondu@hernani.eus-era idatzi edo 688 67 59 64 telefonora deitu beharko da.