Berriak

Atzealdea Auzo Birari ekingo dio Gobernu Taldeak, Udalaren jardunaren berri auzoetara hurbiltzeko

Urtarrilaren 12tik 29ra izango dira hitzorduak

2026·01·08


Hirugarren urtez jarraian, Udal Gobernuak Auzo Birari ekingo dio. Udala auzotarrengana hurbiltzeko parte-hartze ariketa da Auzo Bira, Gobernu Taldeko ordezkariek eta herritarrek elkartzeko aukera izan dezaten.

Auzo Birak zazpi hitzordu izango ditu, urtarrilaren 12tik 29ra: sei Hernanin eta bat Ereñotzun. Lehenengo hitzordua, beraz, datorren astelehenean bertan izango da. Aurten ere bilerak eremuka antolatu dira, elkarrengandik hurbil dauden auzoak batuta.

Gobernu Taldeko ordezkariak auzoetara bertaratuko dira, auzotarrei udal jardunaren berri zuzenean emateko eta haien ekarpenak jasotzeko. Saio bakoitzean gai hauen inguruko itzulketa egingo du Gobernu Taldeak: Gobernu Planaren jarraipena; auzotarren proposamenen bilakaera eta egoera, eta herriari eragioten dioten gai nagusiak. Horrez gain, auzotarrek izango dute euren ekarpenak eta proposamenak egiteko tartea. Bilerek ordu eta erdiko iraupena izango dute. 

Auzo Birarekin herritarren parte-hartze zuzena sustatu nahi da eta udala auzoetara hurbildu, herritarrei bidea errazteko. Aurten, gainera, Auzo Biraren aurretik auzotarrei zein auzo elkarteei euren intereseko gaiak proposatzeko aukera eman die Udalak, azaroan egin zen parte-hartze prozesuaren bidez.

BILEREN EGUTEGIA:

Urtarrilak 12, astelehena: Chillida 1; Galarreta; Jauregi; Latsunbe; Marieluts; Urbieta 16-18 eta Sorgintxulo. Langile ikastolaren Meabe eraikina, 18:30-20:00.

Urtarrilak 15, osteguna: Antziola 1-18 eta 24-30; Argarain; Bidebieta; Florida 1-20; Gabriel Zelaia plaza; Gartzia Goldaratz; Karmelo Labaka; Mañe i Flaquer; Montevideo; Oriamendi eta Perkaiztegi. Burujabetzen Etxea (Florida, 28), 18:30-20:00.

Urtarrilak 19, astelehena: Antziola 31-116; Bestizan; Etxeberri 1-10; Florida 46-161; Iturmendi; Laiztiaga; Sagastialde eta Sagastialde Berri. Hernaniko haurreskola, 18:30-20.

Urtarrilak 21, asteazkena: Agustindarren plaza; Aimar Elosegi; Andre kalea; Aristizabal; Atzieta; Elkano; Ezkiaga; Florida 28-40; Gudarien plaza; Iturriaga; Izpizua; Kale Nagusia; Napar kalea; Oartzu; Orkolaga; Plaza Berria; Txirrita; Urbieta eta Zapa. Biteri kultur etxea, 18:30-20:00.

Urtarrilak 22, osteguna: Akerregi; Balantxa 1-5; Elizatxo behekoa; Karabel; Ibarrolaburu; Martindegi; Osinaga; Oleta plaza; Portu eta Zikuñaga. Elizatxo ikastola, 18:30-20:00.

Urtarrilak 26, astelehena: Antsorena anaiak; Elizatxo goikoa; Iturregi; Karobieta; Larramendi; Lizarraga; Lizeaga; Madalena; Onddi; Sandiusterri; Santa Barbara; Tellerigain; Txantxilla eta Victor Hugo. Urumea ikastola, 18:30-20:00.

Urtarrilak 29, osteguna: Epele bailara; Ereñotzu; Lastaola eta Pagoaga bailara. Auzo udala, 19:15-20:45.