Ave Maria parkeko lizar-basoa ez dago kutsatuta eta jolaserako eta aisialdirako erabil daiteke
2023·01·19
Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak erabaki du kokaleku hori bateragarria dela haurren jolaserako eta pasealekurako parke gisa erabiltzearekin. “Ez dago eragozpenik etorkizunean aipatu diren erabilerekin bat datorren jarduera berri bat egin nahi bada, horretarako behar diren lizentziak eman daitezen”, dio txostenak.
Kasu horretan, Udalak zenbait baldintza bete beharko lituzke. “Erabilera edo jarduera berria ezartzeko materialak hondeatu behar badira, hondeaketa-plana idatzi beharko da, eta ingurumen-organoak onartu beharko du.”
Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzak Udalari ere eskatu dio lurpeko uraren laginketak egin ditzala uraren kalitatea kontrolatzeko. “Aitorpenaren xede den eremuan hautemandako lurpeko uraren kalitatea aldatu egin denez, beharrezkoa da ingurune horren kontrol analitikoa egitea, urtebeteko bi laginketa-kanpaina eginez aldi hidrologiko desberdinetan (ur altuak eta ur baxuak)”. Hernaniko Udala egiten ari da Jaurlaritzak eskatutako laginketa.
Baso autoktonoa
Baso horretako zuhaitz gaixoak moztu berri ditu Udalak eta enbor batzuk bertan utzi dira ekosistema aberasteko. Hurrengo ekintza izango da Eusko Jaurlaritzaren gomendioari jarraitzea, hau da, “lurzoruko landare-estaldura trinkoa jartzea, lurzorua zuzenean ukitzeko eta istripuz irensteko oztopo izango dena”. Ondoren, udazkenean, etorriko da birlandaketa. Izan ere, eremu horretan espezie autoktonoak birlandatuko ditu Udalak, Sagarreta herriko taldearekin lankidetzan. Bioaniztasunaren aldeko mugimendu hori Hernani Burujabe herri-proiektuaren baitan sortu da.
*Iturria: Eusko Jaurlaritza. Eraldatutako lurzorua: lurzoru motan honetan, erreferentziazko balio adierazleak gainditzen dituzten substantzia-kontzentrazioak identifikatzen dira, baina lurzorua ez da lurzoru kutsatutzat jotzen, ez duelako arriskurik sortzen ez giza osasunerako eta ezta ekosistemetarako ere.