Ave Maria parkeko lizarren basotxoko zuhaitzak kendu eta berriak landatuko dira
2023·01·12
Ave Maria parkeko lizarren basotxoko zuhaitzen azterketa egin du Hernaniko Udalak. Azterketa horretan ikusi da lizar-ale gehienen adaburuak hostorik gabe daudela eta azpian adar zupatzaile asko atera direla. Zuhaitzaren erantzun hori zainetan dauzkan arazoen edo osasun txarraren sintoma argiak direla ohartarazi dute adituek.
Halaber, zuhaitzen adaburuetan adar lehorrak egotea arriskutsua izan daitekeela nabarmendu dute, egun haizetsuetan adar horiek zatitzeko arrisku handia baitago. Jendea igarotzeko tokia denez, arrisku hori desagerraraztea gomendatzen dute. Beraz, lehentasunezkoa da gaixorik dauden zuhaitzak kentzea eta lurzorua sasiz garbitzea. Lan horiek asteburuan hastea aurreikusten da.
Moztutako zuhaitzak bertan utziko dira ekosistemarako onuragarriak direlako
Moztutako zuhaitzak bertan utziko dira, ekosistemarako balio handikoak direlako. Izan ere, bertako basoa kontserbatzen laguntzen dute eta, horretaz gain, animalia-espezie askorentzako habitat berezia sortzen dute eta haientzako elikagaia ere bada.
Ondoren, eremua baso autoktonoarekin birlandatuko da eta auzolanean egingo da, bioaniztasunaren alde aritzen den Sagarreta herriko taldearekin batera.