Berriak

Atzealdea Azaroaren 30eko Greba Feministarekin bat eginda, Hernaniko Udala itxita egongo da

Egun horretan ordainduko ez diren soldatak zaintza proiektuetara bideratzea erabaki du Gobernu Taldeak

2023·11·27


 

Azaroaren 30eko Greba Feministarekin bat egin dute Hernaniko Udaleko langileek. Hori dela eta, datorren ostegunean udaletxea eta haren zerbitzuak itxita egongo dira.
 
Herritarrentzako arreta zerbitzua, liburutegia, kiroldegia, Biteri Kultur Etxea (ikastarorik ez da izango), Kulturarteko Plaza Feminista, Udal Euskaltegia eta Udal Musika Eskola ere itxita egongo dira.
 
Horrez gain, Garbitaniako langileek azaroaren 30eko Greba Feministarekin bat egin dutenez, asteazken gauean (azaroaren 29tik 30erako gaua) ez da hondakin organikoaren bilketarik egingo. Ostegunetako altzari bilketarik ere ez da egingo greba egunean. Azaroaren 30 gauean, aldiz, ontzi arinen bilketa normaltasunez gauzatuko da.
 
Egun horretako soldatak, zaintza proiektuetara
Hernaniko Gobernu Taldeak hala erabakita, Greba Feministaren egunean ordaindu beharko ez dituen soldaten kopurua zaintza proiektuetara bideratuko du. Herritarrekin batera osatzen den Zaintza Mahaian adostuko da zein ekimen edo ekintzetara bideratuko den diru hori. “Bada egiteko beste modu bat, eta Gobernu talde honek horretan sakontzen jarraituko du”.
 
“Gobernu talde honek zaintza estrategiarekiko duen konpromiso politikoa argia da. Horren adibide, asko izan dira azken urteetan martxan jarritako ekimenak, horietako asko berritzaile eta eredugarriak”.