Berriak
Atzealdea Barrakak Milagrosako aparkalekuan kokatuko dira aurtengo Sanjoanetan
2026·06·20
Aurtengo sanjoanetan, barrakak Milagrosako aparkalekuan kokatuko dira. Erabakia Hernaniko Udalak eremuaren segurtasun-baldintzak eta irizpide teknikoak aztertu, eta feriatzaileekin adostasuna lortu ondoren hartu da.
Feriatzaileen ordezkariek Karabelera ez zirela etorriko adierazi ostean, Udalak azken hilabeteetan barrakentzako kokaleku alternatiboak bilatzeko lanean jardun du. Horretarako, hainbat aukera eta eremu aztertu dira, baina proposamen horietan zailtasun eta zalantza ugari identifikatu dira.
Egoera horren aurrean, Udalak Karabeleko kokalekua lehenetsi zuen eta feriatzaileen jarduera errazteko eskura zituen baliabideak jarri zituen haien esku; besteak beste, espazioaren erabilerari eta hornidura elektrikoari lotutako kostuak bere gain hartzea. Hala ere, feriatzaileen ezezkoa jaso ondoren, eta adostasun batera iristeko borondaterik ez zegoela ikusita, barraken presentzia bermatzeko bide bakarra kokaleku berri bat proposatzea zela ondorioztatu zen.
Testuinguru horretan, Hernaniko Udalak ahalegin handia egin du Milagrosako aparkalekuaren aukera azken alternatiba gisa lantzeko. Hasiera batean, Udalaren lehentasunezko aukera ez bazen ere, egindako azterketa teknikoen eta lortutako adostasunaren ondoren, aurtengo sanjoanetako barraken kokalekua izango da, behin-behineko alternatiba gisa.
Barraka eremu inklusiboagoa
Ekainaren 23tik 28ra egongo dira irekita barrakak. Sanjoanetan, 11:00-14:00 eta 17:00-01:30 izango da ordutegia. Hilaren 28a Haurren Eguna izango da. Egun horretan, 11:00-14:00 eta 17:00-20:00 izango da ordutegia eta txartelaren prezioa merkeagoa (1,5 € bidaiako).
Horrez gain, barraken eremua inklusiboagoa izan dadin, egunero 17etatik 19etara, musika eta argia itzaliko dira. Horrela, sentsibilitate handiagoa duten herritarrek ere -batez ere haurrek-, izango dute barrakez gozatzeko aukera.
Aparkatzeko toki alternatiboak
Barraka guneak eragina izango du aparkaleku-erabileran. Izan ere, ekainaren 21etik 29 arte, eremu hori itxita egongo da ibilgailuentzat (muntaia eta desmuntaia barne). Atzo hasi zen udaltzaingoa abisua pasatzen bertan aparkatuta zeuden ibilgailuei eta igande goizeko 7etarako espazioa hustuko dute.
Barrakak kokatzearen ondorioz Milagrosako espazioan aparkalekuak kenduko direnez, Izpizua kaleko Txantxillatik udal euskaltegirako tartean aparkaleku batzuk ahalbidetuko dira, sortuko den eragozpena arintzeko asmoz.
Bestalde, hilaren 22tik 29ra, Karabel auzoan ere aparkaleku gehigarriak sortuko dira, herritarrei zerbitzua emateko. Auzoko sarreratik Landare aldeko errepidea norabide bakarrekoa izango da, hartara, errail batek aparkaleku funtzioa beteko du.

