Berriak
Atzealdea Baserritarren Eguna ospatuko da erdigunean maiatzaren 15ean
2025·05·08
Gaur zortzi, maiatzaren 15ean, San Ixidro Eguna ospatuko da, alegia: baserritarren eguna. Hori dela eta, aurten ere baserri-giroak hartuko du Hernaniko erdigunea: pala eta eskuzko pilota partidak, herri-kirolak, bertsolariak... Ateri bada, Ezkiaga pasealekuan izango dira ekintza guztiak. Euria eginez gero, omenaldia, bertsolariak eta herri kirolak udaletxeko arkupean eramango dira aurrera.
Urtero, egun hori baliatzen du Udalak Hernaniko baserritarrak omentzeko. Aurtengoan, Antziola auzoan dagoen Balantxa baserrikoak izango dira omenaldia jasoko dutenak.
Pala eta pilota partidak
Emakumezkoen goi mailako pala partida izango da eguneko saioetako bat. Bi bikote izango dira aurrez aurre: Amaia Irazustabarrena eta Ane Kerejeta batetik, Enara Macicior eta Maider Mendizabalen kontra.
Omenaldiaren ondoren, gizonezkoen binakako eskuzko partida izango da: Apaolaza-Altuna eta Iturbe-Lizeaga.
Baserritarren bazkaria ere izango da, Goiz Eguzkin. Txartelak hartzeko azkeneko eguna gaur da (Goiz Eguzkin eta Herrilurren).
Eguna borobiltzeko, Biteri Kultur Etxean Eukalyptus lana emango du Jon Ander Urrestik. Sarrerak, ohiko moduan, online edo Biteri Kultur Etxean bertan eskuratu ahal izango dira.
EGITARAUA:
11:00: Meza San Joan Bataiatzaile elizan.
11:30: Emakumezkoen pala partida.
12:00: Omenaldia eta bertsolariak.
Ondoren, gizonezkoen eskuz binakako pilota partida eta herri-kirol erakustaldia.
Baserritarren bazkaria Goiz Eguzkin.
19:00: Antzerkia: Eukalyptus, Biteri Kultur Etxean.