Berriak
Atzealdea

Udal ordezkari politiko guztien parte-hartzea berreskuratuko da ostegunetik aurrera

Alarma egoera dela eta, bertan behera gelditu ziren batzorde informatzaileak modu telematikoan egiten hasiko dira aste honetan, talde politiko guztien parte-hartzea bermatzeko. Hileko udalbatzarra ere egitea aurreikusten da, modu telematikoan, baina data zehatza ez da oraindik zehaztu

2020·04·20


Espainiako Gobernuak alarma egoera ezartzeak aldaketa batzuk ekarri zituen Udalaren ohiko jardunean. Konfinamendua ezarri zen, eta, segurtasun arauak direla medio, talde politikoen arteko bilerak modu presentzialean egitea mugatuta gelditu zen. Horren ondorioz, bertan behera gelditu ziren Gobernuak eta beste udal taldeek gaiak lantzen dituzten batzorde informatzaileak. Legeak egoera horietan aurreikusten duen moduan, alkateak bereganatu zituen ahalmen horietako batzuk, Udalaren funtzionamenduan egin behar izan diren egokitzapenak gauzatu ahal izateko.

Bitarte horretan, Udal Gobernua oposizioko hiru taldeei krisi egoera honetan hartzen ari ziren erabakien berri eman die.

Krisiak behartutako ezohiko egoera honen iraupena, ostera, ahalik eta laburrena izatea izan da beti Udal Gobernuaren nahia, eta, hori dela eta, batzorde informatzaileak berreskuratzeko lanean hasi zen duela pare bat aste. Beharrezko baliabide teknologikoak eskuratuta, aste honetan ohiko funtzionamendua berreskuratuko da. Hala, etzi, osteguna, Tokiko Garapeneko Batzordea eta Herritarren Zerbitzuen batzordea egingo dira talde guztien parte-hartzearekin, modu telematikoan.