Berriak
Atzealdea Berdintasun-politikak, kulturartekotasuna, tokiko burujabetzak eta Zero Zabor politikak jorratuko dira Hernaniko jardunaldietan
2023·03·01
Hernani izango da Municipalities for an Equitable Transformation in Europe (MEET) egitasmoaren barruan egiten ari diren jardunaldien hurrengo geltokia. Ekimen horretan parte hartzen ari dira bost udalerri (Portugal, Frantzia, Italia, Polonia eta Euskal Herrikoak). “Bost udalerriok batzen gaituena da Europa jasangarriago eta sozialki justuago bat eraikitzeko nahia”, esan du Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak.
Meet jardunaldien laugarren ekitaldia izango da Hernanikoa. Portugalen egin zen irekiera, joan zen irailean, eta, ondoren, Frantziako Arcueilek eta Italiako Valsamoggiak antolatu dituzte topaketak. Martxoan Hernaniri dagokio MEET proiektuko kideak hartzea. Hernanik antolatu dituen topaketetan justizia sozialerako politika publikoak landuko dira, eta Hernanin horren inguruan jorratutako ekimen eta politika zehatzak jarriko dira mahai gainean, Europako beste udalerriekin partekatzeko.
Jardunaldiak telematikoak eta aurrez aurrekoak izango dira eta Europako beste herrietako ordezkariak ez ezik, hemengo herritarrentzat ere irekiak dira.
Lertxundik kokatu du Hernanik Europako proiektu honetan duen partehartzea. “Hernaniko Udala Bidezko Eraldaketarako Udalerriak Europan (MEET) Europako proiektuan parte hartzen ari da. Egitasmo horren helburu nagusia da udalon artean politika publiko aurreratuak partekatu eta elkarrengandik ikastea. Europako 5 udalerrik parte hartzen dugu proiektuan: Vila Nova de Famalicao (Portugal), Arcueil (Frantzia), Valsamoggia (Italia), Darbowa Gornicza (Polonia) eta Hernani (Euskal Herria).
Egitasmo hau ez da hutsetik abiatzen. 2017an abiatutako Municipalities in Transition egitasmoan du abiapuntua eta bertan parte hartu zuten udalerrien esperientzian dago oinarritua. Udalerrien artean arazo eta erronka komunei tokiko eskalatik baina modu partekatuan erantzutea bilatzen du, aldaketa sakonak eta iraunkorrak lortzeko. Eta, horretarako, udalerrien artean benetako elkarlan esanguratsu baterako espazioak sortzea bilatzen du.
Europako proiektu hori gai nagusi batzuen inguruan ardazten da, besteak beste, gobernantza eta herritarren partaidetza, justizia soziala, ekonomia sozial eraldatzailea eta larrialdi klimatikoa.
Egitasmo honetan parte hartzen duen udalerri bakoitza erreferentziala da ardatz horietako batean, gutxienez, eta, Europako herrientzat. Eta Hernani erreferentea da justizia soziala bultzatzeko egindako lanean. “Askotan ez gara konturatzen egiten ditugun gauzen balioaz kanpoko begiradarik gabe…Europa jasangarriago eta sozialki justuago bat nahi dugun udalerri batzuekin elkarlanean hasi gara Europako egitasmo baten baitan. Horietako batzuk erreferenteak dira jasangarritasun-politiketan, beste batzuk politika barneratzaileetan edo partaidetzan… Eta beraien begiradatik konturatu gara Europan bagarela erreferente justizia soziala bultzatzeko politika publikoetan”, erantsi du alkateak.
Hernanin egingo diren jardunaldiak honako gai hauek jorratuko dituzte: berdintasun-politikak, kulturartekotasuna, Hernani Burujabe edo tokiko burujabetzak eta Zero Zabor politikak. “Hernanin egin diren eta egiten ari garen egitasmoak ezagutzera etorriko dira Europako gainerako udalerrietako lagunak. Horretarako topaketa batzuk prestatu ditugu”, nabarmendu du Lertxundik.
Itsaso Lekuona Berdintasun Arloko zinegotziak azaldu du Hernani topaketa horiek antolatzera bultzatu duen testuingurua. “Aurrean ditugun krisiak ez dira nolanahikoak: klima, ingurumena eta bioaniztasuna, energia, elikadura, herrialdeen arteko desorekak eta migrazio-mugimenduak, zaintza-sistema, ongizate-estatua, kohesio soziala, kultura eta hizkuntza gutxiagotuak eta desberdinkeria sozialak. Politika publikoak gizarte bizigarri eta bidezkoago bat eraikitzeko bitarteko bilakatu nahi ditugu eta bide hori egiteko ahalegina, fruituak, zailtasunak eta ikaspenak partekatu nahi ditugu”, esan du.
Lau bloke: berdintasuna, kulturartekotasuna, tokiko burujabetzak eta Zero Zabor bidea
Topaketok lau bloke nagusi izango dituzte: emakume eta gizonen berdintasuneko politika publikoak, kulturartekotasuneko politika publikoak, tokiko burujabetzak eraikitzeko Hernani Burujabe egitasmo berritzaile eta eraldatzailea; eta Zero Zabor udalerri bilakatzeko egindako bidea.
Lau bloke hauek helburu bakar bati erantzuten diote, hots, erronka globalen testuinguruan, Hernanitik eta Hernanirentzako trantsizio-prozesu bat abiatzea. Norantz? Herri gisa ongizate-kota handiagoak dituen egoera baterantz, justizia sozial eta ekologiko baterantz.
“Bide berriak irekitzen ari garen honetan, ordea, garrantzitsua da tokian toki sortzen ari garen bideak partekatu eta elkarrengandik ikastea. Eta asmo horrekin antolatu ditugu justizia sozialerako politika publikoen topaketak”, baieztatu du Lekuonak.
Hernaniko bi topaketetan izena nola eman
Bi topaketa izango dira, bi formatu desberdinetan.
1. Martxoaren 2 eta 3an topaketa telematikoak egingo ditugu, hiru politika nagusien nondik norakoak lantzeko. Hiru adituk hitzaldi bana emango dute bloke bakoitzeko politika publikoen marko orokorra eta ezaugarriak azaltzeko.
• Mireia Espiau berdintasun-politiketan adituak Euskal Autonomia Erkidegoan Berdintasun-politiken ibilbidea azalduko du: estrategia eta ardatz nagusiak; lorpenak, zailtasunak eta ikaspenak.
• Jeanne Rolande Dacougna esku-hartze sozialeko adituak kultur aniztasuna kudeatzeko ikuspegi eta eredu ezberdinez hitz egingo digu. Eta kulturartekotasunaren esanahia argituko digu, kultur aniztasuna kudeatzeko eredu gisa.
• Topaketon bigarren egunean, Mikel Valero Hiritik At-eko kideak Hernani Burujabe proiektua aurkeztuko du: nondik sortu zen ideia, zeri erantzuten dion… Egitasmoaren filosofia eta oinarriak.
2. Martxoaren 15 eta 16an, topaketa presentzialak egingo ditugu eta Kulturarteko Plaza Feministan elkartuko gara hiru bloke hauetan (gehi Zero Zabor politiketan) Hernanin zehazki egindako bidea partekatzeko. Bi egunetan zehar berdintasuneko politiketan, kulturartekotasunean, Hernani Burujaben eta Zero Zaborren egindako lanean sakonduko dugu, beraz.
“Europako beste udalerri batzuetako lagunek parte hartuko dute topaketa hauetan (Portugal, Frantzia, Italia eta Poloniako lagunak etorriko dira), baina topaketok bertako eragile eta herritarrentzako ere badira. Orain arte egindako lana ezagutu eta geure kezkak eta gogoetak partekatzeko espazio bat izatea nahi dugu, elkarrekin eraikitzen jarraitzeko. Hori dela eta, interesa duten guztiak gonbidatzen ditugu topaketa hauetara. Izena emateko, Udalaren webgunera jo dezakete”, jakinarazi du Lekuonak.
EGITARAUA