Berriak
Atzealdea Berrehundik gora alkatek eta udal ordezkarik EAEko udal legearen aurkako epaia salatu dute gaur Bilbon, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta
2025·07·24
EAEko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota zituen pasa den astean Espainiako Auzitegi Gorenak, euskara lehenetsiz gero hizkuntzen koofizialtasuna urratzen dela ebatzita. Epaiak erantzun irmoa izan zuen kalean, eta UEMAk egindako deialdiari erantzunez, ehun udal baino gehiago eta milaka herritar atera ziren kalera pasa den larunbatean.
Gaur, berriz, epaia salatzeko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako berrehundik gora alkate eta zinegotzi elkartu ditu Euskalgintzaren Kontseiluak. Agerraldi bateratua egin dute guztiek Bilbon, euskalgintzako ordezkari nagusiekin batera. Horien artean izan dira Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea eta Axier Mingo Euskara zinegotzia.
UEMAk ere bat egin du deialdiarekin, eta bertara joateko deia egin die azken egunetan UEMAko kide diren herrietako alkateei eta udal ordezkariei. Bertan izan dira, besteak beste, UEMAko lehendakari Martin Aramendi, eta UEMAren zuzendaritza batzordeko hainbat kide (tartean, Axier Mingo Hernaniko Euskara zinegotzia), UEMAko kide diren udaletako alkate eta zinegotzi askorekin batera.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren Bilboko egoitzaren aurrean egin dute agerraldia guztiek, eskuetan aginte makilak eta zumeak zituztela, epaia euskal erakundeen erabaki demokratikoaren aurkakoa dela salatzeko.
Gaurko agerraldian Euskalgintzaren Kontseiluak adierazi duenez, «neurririk hartu ezean, oztopoak ugarituko dira euskaraz bizi nahi dugunontzat. Hizkuntza eskubideak bizitzako alor guztietan gauza daitezkeenean soilik bihurtzen direlako egiazko eskubide, ezin gara erasoei aurre egitera mugatu, aurrera egiteko garaia da». Horregatik, «segurtasun juridikoa» indartu behar dela adierazi eta horretarako «beharrezko lege aldaketak» eskatu ditu.
Egoera larria dela eta batasunez erantzuteko beharra ere nabarmendu du Euskalgintzaren Kontseiluak.
Kontseiluaren adierazpena, osorik:
«Euskal gizartearen eta euskal erakundeen gehiengo zabalaren aurkako eraso zuzena da»
Gaur, euskalgintzako ordezkaritza zabala Araba, Bizkai eta Gipuzkoako alkate eta udal ordezkari ugarirekin bat eginda gatoz Espainiako Auzitegi Gorenaren azken sententziaren aurrean.
Hain zuzen, epaitegi honek, Vox alderdi ultra-eskuindarraren argudioak bere eginez, Udalen Legea garatzen duen dekretuaren hainbat atal baliogabetu dituelako. Sententziak herritarrek hautatutako udal gobernuei udalerri bakoitzerako hizkuntza politika askatasunez garatzeko eskumena ukatzen dielako egun indarrean dagoen araudia jarraituz.
Euskal gizartearen eta euskal erakundeen gehiengo zabalaren borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena da, azken hamarkadetako kontsentsuarekin hausten duena eta gure autogobernua nabarmen kaltetzen duena. Epai honen ondorioz, udaletan ezingo da euskara lehenetsi, ezta gaztelerarekin batera erabiltzen denean ere. Finean, administrazioan euskararen erabilera normalizatu nahi bada neurri zehatzak hartu behar dira euskara gazteleraren parera iritsi dadin, hori du asmo indarrean dugun araudiak.
Egoera larria da. Euskara hizkuntza gutxitua da, mendeetako debeku eta jazarpen politiken ondorioz minorizatua. Euskalgintzatik, Europako Hizkuntzen Berdintasunerako Sarearekin batera, adierazi genuen euskara larrialdi egoeran dagoela eta azken ikerketek ere agerian utzi dute geldialdi eta atzeraldi baten arriskua. Bestalde, euskal erakundeak eta eragile politikoak ahalegin berezia egiten ari dira azken hilabeteotan, euskarak ofizialki lekua izan dezan Europar erakundeetan.
Hain zuzen, euskara minorizaziotik ateratzeko ekintza positiboak premiazkoen direnean biderkatu dira neurri hauen aurkako sententziak, euskararen normalizazioarekin bateragarriak ez direnak. Dela Lan Eskaintza Publikoak baliogabetuz, dela Eusko Legebiltzarrak adostasun zabalez onarturiko legeen aurka eginez, dagoeneko 30 inguru dira euskal erakundeen hizkuntza politika egiteko eskumena higatzen duten sententziak.
Guzti honen aurrean, batasunetik erantzun beharra dago. Neurririk hartu ezean, oztopoak ugarituko dira euskaraz bizi nahi dugunontzat. Hizkuntza eskubideak bizitzako alor guztietan gauza daitezkeenean soilik bihurtzen direlako egiazko eskubide, ezin gara erasoei aurre egitera mugatu, aurrera egiteko garaia da. Segurtasun juridikoa indartu behar dugu eta beharrezko lege-aldaketarekin batera, euskal gizartearen jokaera proaktiboa sustatu behar dugu ahalik eta adostasun handiena eta zabalenarekin herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen erabilera normalizatzeko.
Euskara behar dugu eta euskarak behar gaitu. Euskara baita gure hizkuntza, euskaldun egiten gaituena. Horregatik, euskalgintzak eta udal ordezkariok bat eginik, euskararen erabilerak dagokion lekua behar duela berresten dugu, eta horretarako beharrezkoak diren neurriak sustatzeko konpromisoa hartzen dugu gaurkoan. Bada garaia harago joateko, hizkuntza politiketan jauzi bat emateko. Pizkunde berri baten aroari bide emateko.
Bilbon, 2025eko uztailaren 24an.


