Berriak

Atzealdea Beste urrats bat Karobieta auzoaren irisgarritasuna hobetzeko

Iturregi kaleko espaloia berritzeko lanak auzoko urbanizazioa hobetzeko planarekin jarraitzeko balioko dute.

2026·10·30


Hernaniko Udalak Iturregi kaleko espaloiak egokituko ditu, Karobietako bizilagunen eta Langile ikastolara egunero joaten diren ikasle eta familien oinezkoen joan-etorrirako baldintzak hobetzeko. Kale horretako espaloiak auzokoen eguneroko ibilbidearen parte dira, eta ikastolarako bide nagusietako bat ere badira. Horregatik, egunero erabiltzen duten pertsona askorentzat garrantzi berezia duen eremua da.

Egungo espaloiak oso estuak dira, eta zenbait tartetan ez dituzte irisgarritasun-baldintza egokiak. Herritarrek adierazi izan duten moduan, eremuak zenbait puntutan zaildu egiten du gurpil-aulkian, haur-kotxearekin edo mugikortasun murriztua duten pertsona bat bertatik igarotzea. Jarduketaren bidez, espaloien zoladura berritu eta pasabideak egokituko dira, oinezkoentzako ibilbide jarraituagoa eta erosoagoa sortzeko, eta espaloiko argitasuna hobetzeko. Lan horien barruan, Karobieta eta Iturregi kaleen arteko eskaileretan eta Iturregiko espaloian dauden zuhaitz batzuk ere kendu beharko dira.

 

Irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzeko, zuhaitzak kendu beharra

Hernaniko Udalak ulertzen du zuhaitzak kentzeko erabakiek kezka sor dezaketela, baina garrantzitsua da esku-hartze puntual horiek ikuspegi zabal baten barruan ulertzea. Izan ere, espazio publikoak berrantolatzeko eta egokitzeko lanetan, irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzerako orduan ezinbestekoa izan daiteke horrelako erabaki bat. Horrek ez du esan nahi, ordea, natura zaintzeari uko egiten zaionik; helburua herritarren beharrei erantzutearekin batera ingurumenaren zaintza bateragarria izatea baita.

Kentzearen arrazoiak askotarikoak izan daitezke, kasu askotan, zuhaitzak egoera txarrean daudelako edo segurtasunerako arriskua izan dezaketelako izaten da; beste batzuetan, berriz, oztopo izan daitezke ibilbide irisgarriak egokitzeko edo espazio publikoetan argiztapen eta ikuspen egokia bermatzeko. Erabaki bakoitza, beraz, bere testuinguruan eta dagokion beharraren arabera aztertu behar da.

Natura zaintzea Udalaren jardunaren oinarrietako bat da, eta ez beste jarduketa batzuen ondorioak konpentsatzeko neurri hutsa. Ikuspegi horretatik, herriaren garapena, espazio publikoen kalitatea eta ingurumenaren babesa elkarrekin uztartzea da helburua. Hernaniko Udalak natura eta lurraldea zaintzeko estrategia orokor bat du, ekosistemak indartzea, biodibertsitatea sustatzea eta herriko balio natural handieneko eremuak babestea helburu dituena. 

Konpromiso horren erakusgarri dira azken urteetan eremu urbanoan egindako zuhaitzen landaketak: Landa-eremuan egiten diren hainbat landaketa kontuan hartu gabe, 2023tik hiru kurtsotan 180 zuhaitz landatu dira Hernanin, eta 2026-27 kurtsoaren bukaerarako beste 107 landatzea aurreikusten da eremu urbanoan.