Berriak
Atzealdea

Beterri-Buruntzako autobus zerbitzu berriaren inguruan herritarrei informazio argiagoa ematea eskatzen du Udalak

Gipuzkoako Foru Aldundiak eskualdea lotzen duen autobusen zerbitzu berria jarri berri du abian eta lehenengo egunotan nahasmen handia sortu da erabiltzaileen artean. Lineek eta ordutegiek aldaketa handiak jasan dituzte -ordutegiak, geldialdiak, lineen izenak desberdinak dira-, eta erabiltzaile ugari udalera jotzen ari dira kexa azaltzeko. Erabiltzaileen iritziz, informazioa ez da behar bezala eman eta, horretaz gain, murrizketengatik ere arduratuta daude.

2021·07·07


Autobus zerbitzu honen inguruko ardura ez da berria. Foru Aldundia emakida berriaren prozedura hasi zen momentutik egon da komunikazio eskasa, bai herritarrekin bai udalekin. Beterri-Buruntzako udal batzuek -Hernani, Usurbil ta Andoain- 2017an prozesua abiatu zenean emandako urrats batzuk jasotzen dituen kronologian argi gelditzen da komunikazioa etengabeko arazoa izan dela prozeduran zehar.
 
Tolosa, N-1 eta Buruntzaldea eta Donostiarekin lotura duen autobus zerbitzuaren zerbitzu berriaren KRONOLOGIA

2017ko irailaren 7a. PARTE HARTZERIK GABEKO AURREPROIEKTUA
Gipuzkoako Foru Aldundiak Beterri-Buruntza eskualdearen autobus zerbitzuaren emakida berriaren prozesua abiatu zuen. Foru Aldundiak Tolosa, N-1 eta Buruntzaldea eta Donostiarekin lotura duen autobus zerbitzuan murrizketa handiak ekarriko dituen aurreproiektu bat jarri zuen jendeaurrean, eta eskualde horietako udaloi horren berririk eta azalpenik eman gabe.

2017ko urriaren 20a. HIRU UDALEN ESKAERA
Hernaniko, Andoaingo eta Usurbilgo udalek eskaera bateratu bat egin zioten Aldundiari: herritarren eta udalen partehartzerik gabe egindako aurreproiektu hori bertan behera uzteko eta inplikatutako udalerrietako ordezkariekin mahai baten inguruan esertzea konponbide adostu bat bilatzeko.

Hurrengo hilabeteetan. ALEGAZIOAK ETA SINADURA BILKETA
Udal horietako bakoitzak udalerriari zegozkion linetako alegazioak aurkeztu genituen. Horretaz, gain, herritarrei aukera eman genien alegazio indibidualak egin eta udalaren bidez Aldundiari helarazteko. Guztira, 5.000 inguru alegazio eta 7.000 sinadura bildu ziren eskualde osoan. Udalek Adlundiari igorri genizkion. Denbora tarte horretan, Aldundiaren berririk ez genuen jaso.

2018ko irailaren hasiera. ALDUNDIAREN GUTUNA
Marisol Garmendia diputatuaren izenean, Foru Aldundiak eskualdeko udaloi gutun bat bidali zigun jakinarazteko laster argitaratuko zutela proiektua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta orduan jakingo genuela zein alegazio kontuan hartu zituzten eta zeintzuk ez.

2018ko irailaren 20a. HIRU ALKATEEN AGERRALDIA
Luis Intxauspe Hernaniko alkateak, Xabier Arregi Usurbilgo alkateak eta Ainara Rodriguez Andoaingo jarduneko alkateak Donostiako Gipuzkoa plazan agerraldia egin zuten Foru Aldundiak gai honekin izandako jarrera eta gardentasun falta salatzeko. “Sinestezina eta onartezina da prozesu honetan Foru Aldundia erakusten ari den errespetu falta, errespetu instituzional falta eta herritarrekiko errespetu falta”, adierazi zuten hiru alkateek.

Foru Aldundiaren jarrera antzekoa izan da prozesu osoan. “Aurreproiektua egiten ari zirela, idatzita zegoenean jakin genuen, 2017ko irailean. Azalpen eske joan eta eskumena Foru Aldundiarena dela eta herritarren parte-hartzea erabat baztertuta zegoela oso argi utzi ziguten. Alegazioak aurkeztea beste biderik ez genuela esan ziguten”, gogorarazi zuen Xabier Arregik.

Herritarren artean ezinegona eta kezka giroan, “alegazioak egin genituen, guk, eskualdeko udalok, baita milaka eta milaka herritarrek ere”, erantsi zuen Usurbilgo alkateak. “Alegazioak egin bai, baina kontuan hartuko zituztenik eta zeren arabera egingo zuten ez digute inoiz izan. Prozesu itxia izan da, erabat opakoa, eta zirrikituren bat ireki badute jendartearen eta udal batzuek egin dugun presioagatik izan da”, kritikatu zuten bertaratutako udal ordezkariek.

“Hortik aparte, bat ere informaziorik ez. Alegazioak kontuan hartuko dituzten ala ez jakingo dugu proiektua GAOn argitaratzen denean. Ahoz zein idatziz eskatu genion diputatuari proiektua argitaratu aurretik udaloi bidaltzeko. Baietz esan zigun baina gaur arte. Hitza ez dute bete”, salatu zuten.

“Gure haserrea erakutsi nahi dugu, ez zaigulako bidezkoa iruditzen milaka eta milaka herritarrengan hainbesteko eragina duen zerbitzu bat aldatzea herritarren iritzia bazterrean utzita”, adierazi dute hiru udal ordezkariek. “Marisol Garmendiak zuzentzen duen Departamentuak autobus zerbitzuaren proiektua egin du gizarteari eta udalei bizkar emanda”.

2021eko uztailaren 1ean: autobusen zerbitzu berria martxan jarri du Foru Aldundiak. UDALEI ETA HERRITARREI KOMUNIKAZIO ESKASA
Autobus zerbitzu horrek eragiten dituen udalerrietara herrietako markesinetan jartzeko ordutegi eta linea berriak eta herritarren artean banatzeko eskuorriak bezperan, uztailaren 30ean, iritsi zitzaizkigun.

Udalok egunotan etengabe ari gara jasotzen herritarren kexak, haien esanetan, informazio linea eta ordutegi berrien komunikazioa ez delako behar bezala egin.

Udalak gogorarazi nahi du Aldundiak bidalitako eskuorriak HHZn eta BiterI kultur etxean daudela herritarren eskura.

Bestetik, herriko markesinetako kartel zaharrak kendu eta berriak jartzen hasi dira udal langileak.