Berriak
Atzealdea

Beterri-Buruntzan bazterketa arriskuan dauden pertsonak lanaren bidez gizarteratzeko ekimena aurkeztu dute Hernanin

Beterri Errotuz irabazi asmorik gabeko laneratze enpresaren aurkezpena egin berri da Iturolan. Enpresa honen helburua da bazterketa egoeran dauden eskualdeko pertsonak gizarteratzea. Ideia lantzen hasi zen 2017an, eta Beterri-Buruntza udalek eta Erroak Sartu gizarteratze elkartearen arteko elkarlanaren emaitza orain ikusi dezakegu. Enpresa sortu berriak Iturolan du egoitza.

2019·12·12


Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalak dira proiektuaren sustatzaile nagusiak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Lanbidek, La Caixa eta Gizateak -Euskadiko gizarteratze eta laneratze enpresen elkartea- ere babestu dute proiektua.

Erakunde publikoek -udalek eta Foru Aldundiak- hainbat arlotan kontratatu ohi dituzten zerbitzuak eskainiko ditu Beterri Errotuzek, hala nola, ingurumen zerbitzuak, hiri altzarien instalazioa eta mantenua, parkeen mantenua, bideen seinalaztapena, jaietako eszenatokien muntaketa, margotze lanak, buzoneoak, kartelak jartzea… Horretaz gain, eskualdeko enpresei ere zerbitzuak eskainiko zaizkie.

Beterri Errotuz laneratze enpresaren jarduera joan zen uztailean hasi zen, sagardo botilen berrerabilpena bultzatzen duen Sagarberritu proiektuarekin. Egun sei lanpostu dituzte eta 70.000 euroko fakturazioa. 2021ean 12 lanpostu izatea espero dute.

Oinarrizko errentaren jasotzaileak, adingabeak babesteko erakundeetan ibili diren gazteak, errehabilitazio prozesuan dauden pertsonak, preso ohiak, oinarrizko gizarte zerbitzuetako erabiltzaileak gizarteratzeko tresna izan nahi du laneratze enpresa honek.