Bexen Medical Hernaniko kooperatiba bisitatu dute udal ordezkariek

2020·12·17
Bexen Medical Mondragon Taldeko kooperatibak Hernanin dituen instalazioak bisitatu dituzte udal ordezkariek. Enpresa honek Ibarluze poligonoan du lantegi nagusia -Bioservices atalari dagokiona- eta orain Akarregin ere pabiloi bat hartu berri du. Pabiloi horretara ekartzen ari dira asteotan musukoak ekoizteko planta (orain arte Bizkaiko Etxebarrian zeukaten ekoizpena).
Bexen Medicalek bi hamarkada baino gehiago daramatza Hernanin, Ibarluze poligonoan. Covid-19aren pandemiarekin batera hartu du protagonismoa Hernaniko enpresa honek. Izan ere, pandemiaren hasieran, osasungintzan erabiltzen ziren musukoen ekoizpen osoa Txinaren esku zegoen, eta musukoak lortzeko arazo handia egon zen Europa osoan.
Txinarekiko menpekotasunari aurre egin nahian, eta erabilera bakarreko musukoen ekoizpena berreskuratzeko asmoz, Bexen Medicalera jo zuten Espainiako agintariek. Hernaniko enpresa honek makineria eskuratu eta musukoak ekoizten hasi zen, orduan Mondragon taldeak Etxebarrian eskuragarri zeuzkan pabiloi batean. Bexen Medicalek, ordea, Hernanira ekarri nahi zuen ekoizpena eta horixe egiten ari da asteotan.
Horrekin batera, Covid-19aren kontrako txertoen biltegi nagusia ere izango da Bexen Bioservices. Izan ere, laster merkaturatuko diren txerto batzuek (Pfizerren txertoa kasu) tenperatura baldintza oso berezietan gorde behar dira (-80 gradu) eta Bioservicesen lantegian gordeko dira, bertan txertoak behar bezala kontserbatzeko hozkailuak dituelako.