Berriak
Atzealdea

Sagardotegietako esperientzia bizitzeko beste modu bat

4
Hernaniko Altzueta, Itxas-Buru, Iparragirre eta Zelaia sagardotegietan bisita interpretatua eta sagardo dastaketa eskainiko dituzte martxoaren 13tik apirilaren 17 arte. Bakoitzak bere historian, pasadizoak, oroitzapenak eta emozioetan oinarritutako esperientzia desberdin bat eskainiko du. Mugalariekin lotutakoa Altzuetan, 500 urteko iraganean arakatuta Iparragirren, artearekiko loturan oinarrituta Zelaian eta, Itxas-Burun, sagardotegia eta itsasoaren arteko harremanetan murgilduta.

2021·03·10


Hernaniko Udalak eta herriko lau sagardotegik elkarlanean landutako ekimen berri bat aurkeztu dute gaur udalbatzar aretoan. Hernaniko alkate Xabier Lertxundi eta Patxi Ibarguren Tokiko Garapeneko zinegotziarekin batera, aurkezpenean parte hartu dute Oihana Gaincerainek (Zelaia), Ion Pagolak (Itxas-Buru) eta Arantza Eguzkitzak (Iparragirre).

Hartara, Altzueta, Iparragirre, Itxas-Buru eta Zelaia sagardotegietan bisita interpretatuak eta sagardo dastaketa eskaintza berriaren nondik norakoak azaldu dituzte. Xabier Lertxundi alkateak nabarmendu duenez, "bisitak dira emaitza, baina hori bezain interesgarria izan da sagardogileekin landu dugun bidea".

Hartara, lau sagardotegi hauetan bisita interpretatuak eskainiko dituzte (bakoitzak bere bisita propioa eta desberdina) eta, ondoren, sagardo dastaketa eta mokadu bat ere eskainiko diete bisitariei.

Alkateak goraipatu nahi izan ditu ekimen honen abiapuntua, sagardogileen artean izan duen harrera ona eta emaitza lortu arte urratutako bidea. "Ez da inorentzat sekretua Hernanin zeinen barrutik bizi dugun sagardoaren inguruko kultura. Inolako zalantzarik gabe, gure herriko nortasunaren ikurra da sagardoa, sagardotegiak eta txotxa", adierazi du Lertxundik.

"Herriaren kulturaren parte eta ohitura sendoa ez ezik, tokiko ekonomian ere inpaktu handia izan dute bai txotx garaiak eta sagardoaren sektoreak azken urteotan. Txotx garaiak onurak ekarri dizkigu baina ezin dugu ukatu albo kalteak ere badituela. Txotx garaiak jende asko erakartzen du eta batzuen jarrera ezegokiak arazoak eta gatazkak sortu dizkigute herrian", erantsi du.

"Edonola ere, iaz txotx garaia eten behar izan genuen pandemiaren ondorioz. Eta aurten ere, ikus daitekeenez, ohiko txotx garairik ez gara izaten ari. Baina, esaldi ezagunak dioen bezala, krisialdi okerrenetatik aukera onak sortzen dira. Eta, gu, Udaletik eta, zehatz-mehatz, Tokiko Garapeneko Arlotik, krisi honetatik aukerak sortzeko lanean aritu gara. Eta aukera horien bila jo genuen herriko sagardogileengana, txotx garaia eta gure herriaren eta kulturaren parte diren sagardotegiak sustatu nahi ditugulako. Eta sagardotegiei balio erantsi bat nola eman aritu gara lantzen", jakinarazi du.

Herriko lau sagardotegi parte hartzen ari dira ekimen honetan. "Espero dugu arrakasta handia izatea eta orain abiatu dugun bidea gurekin gelditzea eta, zergatik ez, herriko beste sagardogileak ere animatzea espero dugu", esan du alkateak.

Patxi Ibarguren zinegotziak gogorarazi duenez, "pandemiaren ondorioz, ezin genuen lehengo ereduari eutsi eta ohiko txotx garaiaren bide alternatiboak lantzen hasi ginen herriko sagardotegiekin".

Turismo jasangarriaren udal planaren barruan jasota zegoen bide hori lantzea, eta aholkularitza talde baten laguntzaz, sagardogileei eskaini zitzaien bisita interpretatuak egiteko formakuntza egitea.

"Altzueta, Iparragirre, Itxas-Buru eta Zelaia sagardotegietako arduradunekin hasi ginen formakuntza hori egiten eta horren emaitza gaur aurkezten ari gara", adierazi du Ibargurenek.

Bisita interpretatuak ez dira informazio emate huts bat: ikusten ez dena ere kontatzen diogu bisitariari. Sagardotegiaren historia, pasadizoak, oroitzapenak, emozioak... Azken finean, sagardotegiak ez dira ohiko negozio baten lokala, sagardotegiak familiaren baserria eta bizilekua ere izan dira eta badira.

"Deskubrimentu bat izan da"

Sagardotegietako ordezkariek azaldu dute bakoitzak zein gai aukeratu duen bisita interpretatua osatzeko. “Formakuntza honek balio izan digu deskubritzeko gure baserriaren inguruko gauza asko”, aitortu du Oihana Gaincerain Zelaia sagardotegiko arduradunak. Sagardotegi honetako bisitak artea izango du gai nagusia. “Gure sagardotegiaren ibilbidean bidalegun izan ditugun artistak izan dira gure bisitaren abiapuntua”, erantsi du Gantzerainek.

Iparragirre sagardotegiko Arantza Eguzkitzak, bere aldetik, esan du aurretik ere egin izan dituztela bisita gidatuak, baina “formakuntza honekin erabat aldatu zaigu kontzeptua. Oraingo bisita oso bestelakoa izango da. Sagardotegiak gure kulturaren ondarea dira eta gure baserriak, adibidez, 500 urteko historia du. Bisita horren ingurukoa izango da”.

Ion Pagolak (Itxas-Buru) adierazi duenez, familiaren baserriak iraganean itsasoarekin eduki zuen lotura hartu dute bisita interpretatuaren abiapuntua. Ikerketa lanak ere egin behar izan dituela aitortu du Pagolak, orain bisitetan azalduko dituzten gauza asko haiek ere ez zekizkielako.

Datu praktikoak
-Guztira, 8 bisita eskainiko dituzte (sagardotegi bakoitzean bi).
-Egutegia (martxoaren 13tik apirilak 4ra). 10:30-11:30.
-Indarrean dauden arauen arabera, taldeak gehienez sei pertsonakoak izan daitezke.
-Prezioa: 10 euro
-Erreserbak egiteko modua (www.hernani.eus)

 

1 2 3 4