Berriak
Atzealdea

Biteri kultur etxeko ipar blokearen fatxada isolatzeko eta leihoak aldatzeko obra abian da

Hernaniko Biteri Kultur etxearen ipar blokearen inguratzaile termikoaren birgaitze energetikoa eta barruko airea berritzeko instalazioa egiteko obra abian dago. Biteri energetikoki eraginkorragoa izateko obraren bigarren fasea da hori. Lehen fasea 2020ko azaroan abiatu zen eta orduan aurrealdeko fatxada egin zen.

2022·10·24


Orain abiatu berri den obrak ondorioak izango ditu, bai inguruko kaleetan bai kultur etxearen jardunean bertan.

1. KALEAN

Bigarren fase honetako obra egiteko aldamioa eraikinaren buelta osoan jarri da (Biteri eta Elkano kaleetan). Horren ondorioz, Urbieta kaleko espaloia (eraikinaren ondokoa) itxita egongo da, Elkano kaleko espaloia ere okupatuko dute eta Biteri kalean lau aparkaleku obrarako erreserbatu dira.

Autobus zerbitzuari dagokionez, Elkano kaleko geltokiaren markesina lauzpabost metro atzeratuko da aldamioa jarri ahal izateko.

2. KULTUR ETXEAREN BARRUAN

Kultur etxearen jardunean ere eragina izango du birgaitze obrak. Dantza eta antzerki gelak ezingo dira erabili, beraz, bertan egiten ziren ikastaroak egokitutako ikasgelan, kiroldegian eta Kulturarteko Plaza Feministan egiten ari dira. Egur taila eta zeramikako ikastaroak arte plastikoen gelara mugitu dira, eta orain, pinturakoekin partekatzen dute espazioa.

Ohiko ikasgela ezingo da erabili, eta, horren ordez, Liburutegiko bigarren solairua prestatu da horretarako.

Bi bilera gelak ere itxiko dira. Erakusketa gela egokitu da alternatiba gisa. Hortaz, erakusketarik ez da izango lanek dirauten bitartean.

Obraren kostua eta iraupena

Lanak Aste Santuaren inguruan amaitzea aurreikusten da. Fase honetan 58 leiho berrituko dira eta aireztapen sistema ere ipiniko da. Obraren kostua 667.032,84 eurokoa da.

Lehen fasea, aurrealdeko fatxadarena, 2020ko azaroa-2021eko otsailean egin zen

Esan bezala, obra bi zatitan banatu da. 2020ko azaroan hasitakoan ere 58 leiho berritu ziren eta aurrealdeko fatxadaren isolamendua egin zen. Horrekin batera, zenbait geletako argiztapena ere berritu zen.

Horretaz gain, kultur etxea hobetzeko eta erosoago izateko bestelako esku-hartzeak ere egin dira. Iazko udan, esaterako, areto nagusiko klimatizazio sistema jarri zen.