Berriak
Atzealdea Biteri kultur etxeko udazkeneko programazioko sarrerak, bihartik eskuragarri
2026·09·10
Bihartik aurrera, irailak 11, eskuratu ahal izango dira Biteri kultur etxeko udazkeneko programaziorako sarrerak (Biterin bertan eta online).
Antzerki estreinaldiekin hasiko da programazioa. Hain zuzen ere, Kulunka teatroak azken lana estreinatuko du: Herentzia (euskaraz urriaren 7an eta espainieraz 9an). Aurretik, herriko taldeak egonaldia ere egingo du Biteri kultur etxean.
Haurrentzako, Muxin eta Zapotxin pailazoen lan berriaren estreinaldia ere hartuko du Biterik: Baserritarrak. Urriaren 17an bi emanaldi izango dira (eguerdian eta arratsaldean).
Dejabu konpainiaren 'Itzulera' lan arrakastatsua, Biterin
Antzerki gehiago ere izango dira Biteri kultur etxean udazken honetan: Dejabu konpainiaren Itzulera arrakastatsua, Barrexerkaren umore gaztea Patatekin lanarekin eta Sutottos konpainia argentinarraren Feliz día.
Haurrentzako ere eskaintza polita izango da: Bidutzi (Benetan Be teatroa; 3 urtez gorakoentzat); Tretatxu (Anita Maravillas eta Portal71; sei urtez gore) eta, Txirri, Mirri eta Txiribitonen Pailazo emanaldia (3 urtez gora).
Ainara Ortega eta Joaquin Chaconen jazza, eta bertso saio elektronikoa
Musikari dagokionez, Ainara Ortega hernaniarrak, Joaquin Chaconekin batera, jazz kontzertu intimoa eskainiko dute azaroaren 19an.
Urte bukaeran Biteriko aretoko aulkiak jaso eta zutik entzuteko kontzertua antolatu ohi da, beste giro eta musika estilo batzuei toki egiteko. Aurtengoan, Bele artista ariko da (abenduak 30).
Bertsolaritza eta elektronika uztartuko dituen saio bat ere izango da: 1tz4l1 3t4 P1ztu. Bertsotan ariko dira Haizea Arana, Aissa Intxausti, Eli Pagola eta Maddi Ane Txoperena. Musikarekin, aldiz, Libe Goenaga, Manex Pagola eta Aner Peritz.
Dantzari dagokionez, Cielo Raso konpainiaren Euforia sasoi honetan ikusiko dugu (urriak 23).
Zinema aukeran, asteburutako proiekzioekin eta Hernani Zineklubean
Hernani Zineklubaren bonoak ere salgai jarriko dira bihar. 9 €ren truke, Memories of murder, Paris 1900 eta Eddington filmak ikusteko aukera izango da.
Biteriko asteburutako zinema ere itzuliko da udazkenarekin batera. Astelehenetan, ohi bezala, Ikuslearen Eguna izango da.
Literatura eta erakusketak ere bai
Udal liburutegiak ere udazkenarekin batera ekingo die irakurketa taldeei (euskarazkoa, espainierazko eta feminista) eta, haurrentzako zein 75 urtez gorakoentzako kontaketei. Udazkenak Hernanikomik ere ekarriko du, azaroaren 20an eta 21ean.
Erakusketa aretoak bost erakusketa hartuko ditu. Tartean, Maddi Zumalabe hernaniarrarena, Katapulta zirkuituaren baitan.
Hernaniko Musika Bandak, Hernaniko txistulariek eta Hernani Musika Eskolak ere udazkenerako ekitaldiak prest dituzte.
Hauek guztiak doako ekimenak izango dira.

