Berriak

Atzealdea Biteriko emanaldien ordutegian aldaketak egongo dira Jaurlaritzaren dekretu berria betetzeko

Bihar larunbatean indarrean sartuko diren neurrietako batek dio kultur ikuskizun edo emanaldi oro 21:00ak baino lehen amaitu behar dela. Beraz, datorren asteko Antzerki Zikloko emanaldi guztiak 19:00etan hasiko dira. Asteburuko zinema saioak ere ordu erdiz aurreratuko dira: haurren emanaldia 16:00etan hasiko da eta helduena, 19:00etan.

2020·11·06


COVID-19aren ondorioz Eusko Jaurlaritzak bihartik aurrera abian jarriko dituen neurri berriek Biteri kultur etxeko emanaldietan ere izango dute eragina. Beraz, ordutegietan zenbait aldaketa izango dira agindua indarrean den bitartean.

Neurrietako batek dio kultur ikuskizun edo emanaldi oro 21:00ak baino lehen amaitu behar dela. Beraz, datorren asteko Antzerki Zikloko emanaldi guztiak 19:00etan hasiko dira: azaroaren 10ean Fadoak entzuten zituen gizona, azaroaren 11n Ni, munduko txarrena eta azaroaren 12an Quitamiedos antzezlanak, hain zuzen ere.

Sarrera erosi baina ordutegi berriaren ondorioz bertaratzerik ez duten pertsonei dirua itzuliko zaie. Horretarako, Biterira hurbildu beharko dira sarrerak erosteko erabilitako txartelarekin.

Zinema, lehenago

Asteburuko zinema saioak ere ordu erdiz aurreratuko dira. Hortaz, haurren emanaldia 16:00etan hasiko da eta helduena 19:00etan. Asteburuan, haurrentzat Bihurri filma eskainiko da; helduek, aldiz, Akelarre ikusteko aukera izango dute. Bi saioak larunbat eta igandean eskainiko dira.

Bestalde, Biteri kultur etxean elkarteek edo herritarrek antolatzen duten jarduera oro 21:00etarako amaituko da.