Berriak

Atzealdea Bizikletentzako ‘skill park’-a eraikitzen hasi da Udala Gabriel Celaya parkean

Oztopo-zirkuitu segurua izango da, txirrindularien gaitasunak lantzeko

2026·09·11


Sagastialdeko Gabriel Celaya parkean, atletismo pistaren ondoan, bizikletentzako skill park-a (MTB Cross Country zirkuitu gisa ere ezagutzen dena) eraikitzeko lanak hasi dira. 

Skill pak bat oztopo teknikoekin diseinatutako kirol-zirkuitua da, txirrindulariek gaitasunak modu seguruan hartu edo hobetzeko.

Kirol azpiegitura berri hau haur, gazte zein helduek erabiltzeko izango da. Maila tekniko ezberdinetako erabiltzaileak ere kontuan izan dira. Skill park-ak 2.598 m2ko eremua hartuko du. Zirkuitu nagusi bat, bigarren mailako ibilbide teknikoago bat eta, maila eta erabiltzaile mota desberdinetara egokitutako hainbat ibilbide alternatibo eskainiko ditu. Honela, aisialdiko eta entrenamendurako balioko duen eremu multifuntzionala izango da. Informazio panelak eta seinaleztapen egokia ere jarriko dira eremuan. 

Skill park-ak Sagastialden dagoen kirol eta aisialdi eskaintza osatuko du eta herrian txirrindularitzarekin lotutako eskaintza handituko da. Eremua aukeratzeko garaian, irisgarritasuna eta ingurune naturalarekin integrazioa eta gune berdeak modu integratuan erabiltzea ere kontuan izan dira. 

2024an pump truck bat eraikitzeko lanketa hasi zen. Herriko beharrak aztertu ondoren, horiei hobeto erantzuteko proiektu integrala osatu da, baita aurreikusitako diru-partida handitu. Dimentsio handiagoko eta erabilera anitzeko azpiegitura bati bide eman diote egindako azterketek. 

Azpiegitura berri honek ez dio eragingo oinezkoen eremuari eta lorategian dauden zuhaitzak ere bere horretan mantenduko dira. 

Lan hauetan 120.000 €ko inbertsioa egin du Udalak.