Berriak

Atzealdea Burujabetzak helburu, udalgintza eta herrigintza esperientzia eraldatzaileak partekatzeko jardunaldiak antolatu dituzte Hernani Burujabek eta Udalbiltzak

Urriaren 19, 20 eta 21ean izango dira jardunaldiak

2023·09·27


Hernani Burujabe herri proiektuak, Hernaniko Udalak eta Udalbiltzak indarrak batu eta elkarlanean hiru eguneko jardunaldiak antolatu dituzte urriaren 19, 20 eta 21erako. Burujabetzak izango dira hausnarketagai, herrigintza eta udalgintza eraldatzaile ikuspegitik jaiotako proiektuak ezagutuz.

Gaur Hernanin egindako aurkezpenean Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak, Itsaso Lekuona Hernaniko zinegotziak, Haritz Alberdi Udalbiltzako lehendakariak, Clara Rouget Udalbiltzako zuzendariak eta Aines del Valle eta Ander Larretxea Bidea, burujabetzen aldeko Hernaniko elkarteko kideek hartu dute parte.

Lertxundi alkateak adierazi duenez, "uste dugu Hernanitik egiten dugun proposamena beste zenbait herrietarako ere aproposa izan daitekeela" eta gaineratu du "denon beharra dela saretzea, elkarrengandik ikasi eta edatea, eta proiektu hauek guztiak maila lokaletik nazionalerako pausoa ematea. Horregatik uste dugu Udalbiltzarekin lankidetza ezinbestekoa dela saretze horretan".

Bere aldetik, Haritz Alberdi Udalbiltzako lehendakari izendatu berriak azaldu du Udalbiltza tresna ezinhobea dela "herrietako udalgintza eraldatzailean martxan jarritako proiektuak maila nazionalera eramateko. Horrelako jardunaldi batek aukera ematen digu esperientzia ezberdinak ezagutzeko eta egiten ari den lan guztia saretzeko".

Hernanitik Euskal Herrira

Badira bi urte Hernani Burujabe herri proiektua martxan jarri zenetik. Lurraldea burujabetza klabeetan berrantolatzeko saiakera da Hernani Burujabe, herritarren bizitzetan eragina duten sektoreetan parte-hartzea handituz. Baina Euskal Herri zabalean ere hamaika dira burujabetzen aterkipean koka daitezkeen esperientziak; esaterako, jardunaldi hauetan landuko diren elikadura, zaintza, lana edota hezkuntzaren sektoreetan aurki ditzakegunak. Horrela, esperientzia metatu horiek guztiak aintzat hartu, egungo lurralde erronkei lotu eta modu egitaratu eta sistemikoan artikulatzea da Hernanik planteatu duen erronka.

Bide horretan, jardunaldi hauek pizgarri izan nahi dute. Udalerri mailan dagoeneko martxan dauden proiektuetatik abiatu eta Euskal Herri mailarako proposamenak gauzatzeko dauden aukerak aztertzeko.

Jardunaldien lehenengo egunean, Udalgintzatik burujabetzara mahai-ingurua osatuko dute Hernaniko Udaleko eta Udalbiltzako ordezkariek eta, ondoren, Herrialde Katalanetako La Hidra kooperatibako, GEZKI institutuko eta LKS Next aholkularitzako kideak elkarlan publiko-kooperatibo-herritarraz ariko dira, udaletatik eragiteko egon daitezkeen mugez eta aukerez. Arratsaldean, mahai-inguru irekia egingo dute Jule Goikoetxeak (Euskal Herria), Mireia Vehík (Herrialde Katalanak) eta Glenna del Valle Cabellok (Venezuela). Lurralde ezberdinetan burujabetzaren aldarrikapenak duen gaurkotasunaz ariko dira.

Ostiralean, lau sektore konkretu landuko dira: elikadura, zaintza, hezkuntza eta lana, burujabetza esperientzia ezberdinak lurreratuz batetik eta ondoren gai bakoitza taldeka jorratuz. Arratsaldean, Herrigintzatik Burujabetzara mahai-inguruan parte hartuko duteko Aiaraldea Ekintzen Faktoriak (Laudio), Ehunduk (Bergara), Euskal Herria Burujabek (Baiona) eta Bideak (Hernani).

Jardunaldiei amaiera emateko, Burujabetzen Eguna ospatuko da Hernaniko kaleetan. Bidea, burujabetzen aldeko herritar taldeak jai giroko egitaraua osatu du egun osorako. Goizean, Hernani Burujabe kalejira kulturala egingo da, ekimenaren baitan biltzen diren burujabetza sektore ezberdinak ezagutzeko geldialdiak eginez eta herriko kulturgileen emanaldi txikiak tartekatuz. Eguerdian bazkari herrikoia egingo da eta bazkaloste girotua iragarri dute. "Herritar guztiak animatu nahi ditugu parte hartzera, urtean zehar egindako lan guztia ospatzera, elkar ezagutzera eta saretzera", azaldu dute.

Ekimen guztiak doakoak izango dira. Ostegun eta ostiral goizeko ekimenetan parte hartzeko izena eman beharko da burujabetzak.jardunaldiak.eus atarian. Arratsaldetako mahai-inguruak eta larunbateko Burujabetzen Eguneko ekimenak irekiak izango dira. Larunbateko herri-bazkariko txartelak Herrilurren eta Rioja, Kide eta Txili tabernetan izango dira eskuragai.

EGITARAUA:

Osteguna, urriak 19. Udaletxeko areto nagusian.

09:30-10:00: Ongietorria eta sarrera: Xabier Lertxundi, Hernaniko alkatea.

10:00-11:30: Udalgintzatik burujabetzara.

  • Hernani Burujabe: Itsaso Lekuona, Hernaniko zinegotzia.
  • Udalbiltza: udaletatik Euskal Herri mailako proiektuetara. Haritz Alberdi, Udalbiltzako lehendakaria.

11:30-12:00: Atsedena.

12:00-14:00: Elkarlan publiko-kooperatibo-herritarra: udaletatik eragiteko mugak eta aukerak.

  • Ruben Martinez. La Hidra cooperativa.
  • Aitor Bengoetxea. GEZKI institutua.
  • Eneko Anzuola. LKS Next aholkularitza.

17:30-19:30: Mahai-ingurua. Zergatik aldarrikatu burujabetza(k) egungo testuinguruan?

  • Jule Goikoetxea. Filosofo politikoa eta irakaslea. Euskal Herria.
  • Mireia Vehí. CUP-eko diputatu ohia. Catalunya.
  • Glenna del Valle Cabello. Venezuelako kontsul nagusia Bilbon. Venezuela.

Ostirala, urriak 20. Kulturarteko Plaza Feministan eta Burujabetzen Etxean.

09:30-10:00. Kulturarteko Plaza Feministaren eta Burujabetzen Etxearen aurkezpena.

10:00-11:30. Burujabetza(k) lurreratuz: Nola eragin arlo ezberdinetan?

  • Elikadura: Iker Elosegi. Euskal Herriko Laborantza Ganbarako koordinatzailea.
  • Zaintza: Miren Aranguren. Emagin elkarte feministako formatzaile eta ikerlaria.
  • Hezkuntza: Nora Salbotx, maistra. Hik Hasiko eta Eusko Ikaskuntzako kidea. Euskal Hezkuntzagintzako militantea.
  • Lana: Miren Lanz. Parean elkarteko kidea eta BDS Koop eraldaketa fabrikako partaidea.

11:30-12:00. Atsedena.

12:00-14:00. Burujabetza proiektu ezberdinen arteko topaketak:

  • Elikadura (Burujabetzen Etxean). Belaunaldi aldaketa eta jantoki komunitarioak aztergai.
  • Lana (Burujabetzen Etxean). Polo kooperatiboak eta ekintzailetza proiektuak.
  • Hezkuntza (Kulturarteko Plaza Feministan). Euskal hezkuntzagintzaren erronkak herrietatik abiatuz.
  • Zaintza (Kulturarteko Plaza Feministan). Eredu berri baterako gakoak.

17:30-19:30. Herrigintzatik burujabetzara. Mahai-ingurua.

  • Aiaraldea Ekintzen Faktoria (Laudio)
  • Ehundu (Bergara)
  • Euskal Herria Burujabe (Baiona)
  • Bidea (Hernani)

Larunbata, urriak 21. Burujabetzen Eguna

11:30-13:30. Kalejira kulturala, burujabetza sektoreekin eta herriko kulturgileekin.

14:30. Bazkari girotua.