Berriak
Atzealdea

Buruntzaldeko udalen saretzea eta euskarazko kultur eskaintza sustatzeko asmoz, agenda bateratua aurkeztu dute

Euskarazko kultur eskaintza oparoa bateratu eta herritarren eskura jartzeko premia ikusirik, Buruntzaldeko udalek kultur agenda bateratua sortu dute Buruntzaldea Euskaraz webgunearen baitan.

2022·06·01


Buruntzaldeko Euskara Sailek sustatutako buruntzaldea.eus atariak hamar urtetik gora dauzka, eta eduki ugarirekin hornitu dute: euskalduntzea, eremu sozioekonomikorako baliabideak, familia transmisioa, denbora-pasak....

Beharrak zein diren ikusirik, orain beste bultzada bat eman diote. Xehetasunak aurkeztu dituzte aste honetan Alex Huitzi Andoaingo Euskarako Zinegotziak eta Oxkar Santamaria Usurbilgo Euskarako zinegotziak. Oier Agirresarobe Hernaniko Euskarako zinegotzia ere aurkezpenean izan da.

Kultur agenda bateratua, herriak saretzeko ardatz

Buruntzaldean euskarazko kultur ekintzen eskaintza zabala dago. Astero izaten da zer egin eta zer gozatua herri batean zein bestean. Kultur agenda bateratua hilero-hilero elikatuko dute eta herritarren eskura jarri, martxan jarriko diren komunikazio kanalen bitartez.

Kultur agenda bateratuaren berri izateko komunikazio kanal berriak

Dagoeneko Buruntzaldea Euskaraz-ek baditu Twitter eta Facebook kontuak. Komunikazio kanal berriei dagokienez, aste honetako prentsaurrekoan hauen berri eman dute:

• Telegram kanala (Buruntzaldeko kultur agenda)
• Instagram kanala (@buruntzaldeaeuskaraz)
• Hileroko buletin elektronikoa

Kanal berri hauetan harpidetzea erraza izan dadin, herrietan kartelak jarriko dituzte QR bidez.

Herriko gazteengana heltzeko, Facebooken eta Twitterren egoteaz gain, Instagram sarean ere presente eta aktibo egongo dira. Areago, kontua sustatzeko helburuz, zozketa eta lehiaketak egingo dituzte. Oxkar Santamariak azaldu duenez, “harpidetzeak saria izango du. Hasteko, parte-hartzaile guztien artean 24 sarrera banatuko ditugu ekainaren 9an: batetik, ekainaren 12an Usurbilen izango den “Trapu zikinak” antzezlanerako SEI gonbidapen bikoitz, eta, bestetik, ekainaren 17an Basteron izango den “Neomak” taldearen kontzerturako SEI sarrera bikoitz”.

Kanal hauen bidez zabalduko den informazioak webgunean izango du isla. Hortaz, Buruntzaldeko sormena eta kultur ekoizpena ikusgarri egiteko kultur agenda webgunean ez ezik, Telegram kanalean, buletin elektronikoan eta sare sozialetan ere zabalduko dute.

Bide batez, webgunea berritzen ari direla iragarri du Alex Huitzik: “Gauzak ondo, uztailaren hasieran estreinatuko dugu estetika berria. Atariak pixkanaka pisu handiagoa hartzea da gure helburua, potentzial izugarria duelako eta herritarrentzako baliabide egoki eta interesgarri ugari daudelako bertan. Bien bitartean, kultur agenda bateratuak bere bidea egitea da gure nahia, eta herritarrentzako tresna baliagarria izatea”.