Berriak
Atzealdea

Hernaniarrek leku berezia izango dute Chillida Leku museoaren irekiera ekitaldian

3
COVID-19aren ondorioz, itxita egon ondoren, ekainaren 20an irekiko dute berriz Chillida Leku museoa. Myriam Perez Cazabon dantzariaren eta Nagore Legarreta argazkilari hernaniarraren artean sortutako "Iceberg" dantza garaikideko ikuskizuna aukeratu dute udako solstizioa ospatzeko. Hernaniarrek 300 sarrera izango dute erretserbatuta eta prezio berezian, gainera. Hilaren 15tik 19ra bitartean erosi ahalko dira Biterin.

2020·06·09


COVID-19aren ondorioz itxita egon ondoren, udako solstizioa ospatzeko dantza ikuskizun bat prestatu du Chillida Leku museoak irekiera ekitaldi gisa. Hala, Myriam Perez Cazabon dantzariak Nagore Legarreta argazkilari hernaniarrarekin batera sortutako Iceberg dantza emanaldia ikusteko aukera izango da ekainaren 20an. Bi emanaldi izango dira, 12:00etan eta 20:00etan, eta bakoitzean 200 pertsonako aforo mugatua egongo da. Ikuskizunak 25 minutu inguru iraungo du.

Hernaniarrek leku berezia izango dute ikuskizun horretan, 400 sarreratik 300 hernaniarrentzat erretserbatuta daudelako (150 goizeko saioan eta beste hainbeste, arratsaldekoan). Sarrerak, gainera, ohi baino prezio merkeagoan eskuratu ahalko dira. Sarrerak eskuratu nahi duenak, ekainaren 15 eta 19 bitartean, Biteri kultur etxean (10:00-13:00 / 16:00-19:00) izango dira salgai. Helduentzat 8 euro; ikasle, langabe eta erretiratuentzat 5 euro; eta 12 urtetik beherakoentzat, doan izango da. Soilik txartelaren bidez ordaindu daiteke.

Sarrera eskuratzen duenak, dantza ikuskizunaz gain, museo osoa bisitatu ahalko du. Museoaren barruan dagoen Lurra kafea ere irekita egongo da. Goizez, 10:00etatik 14:00etara, eta, arratsaldez, 18:00etatik 22:00etara.

1 2 3