COVID-19 dela eta, Udalak hartu dituen neurriak
2020·03·14
Covid-19 gaitzaren zabalpena saihesteko asmoz, Hernaniko Udalak, Eusko Jaurlaritzaren gomendioak aintzat hartuta, honako neurri hauek hartu ditu:
Udal zerbitzu hauek ixtea: kiroldegia, Biteri kultur etxea, liburutegia, musika eskola, euskaltegia, ikasgela zerbitzua, Plaza Feminista, eguneko zentroa, jangela soziala eta Goiz Eguzki jubilatuen zentroa. Eraikinak itxita daude eta zerbitzuak bertan behera gelditu dira. Kalean eta ikastetxeetan dauden haur parkeak ere itxi dira.
Mantentzen diren zerbitzuak murrizketa batzuk izango dituzte:
-Herritarren Harrera Zerbitzua: ohiko ordutegiarekin mantentzen da baina modu presentzialean soilik bideratuko dira ezinbestekoak diren tramiteak. Herritarrei eskatzen zaie, mesedez, zerbitzu hori soilik derrigorrezkoa denean erabiltzeko. Udaletxean eskaintzen zaien beste zerbitzuen kasuan, irizpide berak erabiltzea gomendatzen du Udalak (soilik ezinbestekoa denean eta aurretik telefonoz deituta). 943 33 70 00
-Adinekoen egoitza: bisitak debekatuta daude.
-Udaltzaingoa: telefonoa: 943 24 89 00
-Covid-19 gaitzaren sintomak izanez gero, Osakidetzak horretarako martxan duen telefonoa hauxe da: 900 20 30 50
Egoera hain aldakorra denez, aldaketak etengabekoak dira. Hori dela eta, herritarrei jakinarazten zaie informazio eguneratua www.hernani.eus webgunean eta twitter sare sozialaren bidez (@hernanikoudala) jaso dezakeela.
Xabier Lertxundi Asteasuinzarra
Alkatea