Berriak
Atzealdea Datorren asteko osoko bilkuran Udalaren eta Ekotrade enpresaren lankidetza-hitzarmen proposamena aztertuko da
2025·09·26
Datorren asteko osoko bilkuran, Hernaniko Udalaren eta Ekotrade enpresaren arteko lankidetza-hitzarmen proposamena landuko da, Hernanin, autoak desegiteko Zapiain enpresa zenaren eremuan, Ekoland proiektua martxan jartzea ahalbidetuko lukeena.
Lur kutsatuak birgaitzeko espazio berritzailea da Ekoland proiektua. Lur kutsatu gisa izendatzen dira toxikoak eta arriskutsuak izatera iristen ez diren lurrak. Horiek, gune espezializatuetan egiten den bestelako kudeaketa bat behar dute.
Lurren berriztatzea, bioerremediazio metodoaren bidez gauzatuko litzateke Ekolanden, lurrak garbitu eta birgaitzen dituzten bakterioen bitartez. Ingurunea errespetatzen duen sistema honekin egingo duen lehen proiektuetariko bat izango da.
Udalak eta Ekotrade enpresak adostu duten lankidetza-hitzarmenean, planta berriaren jarduna arautzeko eta inguruan izan dezakeen eragina txikiagotzeko neurriak jasotzen dira, baita Hernaniko ehun sozio-ekonomikoan eragiteko neurriak ere.
Hernaniko Udalarentzat proiektu garrantzitsua da, herrian eta inguruan lur kutsatuekin dagoen arazoari konponbide bat ematera datorrelako eta Zero Zabor politiketan aurrerapausoa ere izango delako, lur kutsatuak egoki birgaitzeko guneak sortuz.

