“Hernaniarrok gastatzen dugun dirua herrian gelditzea da ekhi monetaren helburua”
2021·09·03
Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak azaldu du zertan datzan ehki moneta. “Ekhilur ordaintzeko sistema digital bat da. Ez dago txanpon fisikorik. Zirkuitu ekonomiko itxiak sortzea da helburua. Hernaniarrok gastatzen dugun dirua herrian gelditzea eta herriko ekonomia indartzea da xedea”.
Horretaz gain, komunitatea indartzea, jendearen erosketa ohiturak aldatzea eta diruaren gaineko kontrola berreskuratzea ere lortu nahi dute sistema honen bidez.
Hernaniko Udalak eta Ekhilur kooperatibak sustatzen dute ehki moneta, eta Berriak elkartearekin elkarlanean jarriko da martxan herrian.
Hernaniko herritar, komertzio eta enpresa guztiek parte har dezakete. “Sarea zenbat eta zabalagoa izan, indartsuagoa izango da sistema eta tokiko ekonomiarentzat onura ere handiagoa”, nabarmendu du alkateak.
Hasieran, udalak sustatuko du sistema honen zabalpena. Hori dela eta, udalak konpromisoa hartzen du erakundeak egiten dituen erosketa batzuk ekhilur sistemaren bidez egiteko. Horretaz gain, merkataritza sustatzeko udal programak eta kanpainak ere ekhia sustatzeko baliatuko ditu, hala nola, noizean behin ateratzen dituen erosketa-bonuen zati bat ekhitan izango da.
Funtzionamendua
Ekhilur sisteman parte hartzeko moduak azaldu ditu Ekhilur kooperatibako kide Alex Lopezek. “Ekhilur kooperatibako bazkide egitea da lehen urratsa. Ondoren, clickoin aplikazioa jaitsi eta diru errekarga bat egin behar da, Bizum edo antzeko sistemetan bezala”. Dendan bertan ere egin daiteke errekarga.
Sisteman parte hartzeak mota desberdinetako abantailak dakartza: herriko ekonomia sustatzeaz gain, deskontuak ere jaso ditzakezu. “Komertzio batean ordainketa bat egiten duzunean, deskontu automatiko bat jasotzen duzu. Deskontu hori zure kontuan pilatzen da eta sareko beste edozein dendetan erabil dezakezu”, argitu du Alex Lopezek.
Merkataritza-gune handietan erabili ohi duten fidelizazio sistema bera da. “Normalean denda txikiek ez dute fidelizazio sistema horiek erabiltzeko aukerarik. Ekhilur sisteman, ordea, handiek erabiltzen duten sistemaren abantailak txertatu ditugu”.
Teknologiekin arazotxoak dituztenak ez ditu kanpoan utzi nahi ekhilur sistemak. “Pertsona horietarako QR sistema duen txartel fisiko bat atera dugu”, esan du Lopezek.
Kooperatibako kide izateagatik 50 euroko ekarpena egin behar da, eta bazkide izateari uzten badiozu, itzuliko zaizkizu. Abantailak ere baditu kooperatibako bazkide izateak: sareko partaide guztiek monetaren inguruko erabakiak hartzeko eskubidea dute. “orain ez daukagu inolako kontrolik gure diruaren gainean. Banketxeek edukitzen dute kontrol guztia. Ekhilurrekin bazkideok dugu sistemaren gaineko kontrola eta erabakitzeko ahalmena”, erantsi du Ekhilurreko ordezkariak.
Kontuak mantentze kostua du (urteko 15 euro + bez herritarrentzat eta 24 euro + bez, dendarientzat). Dena dela, urrian promozio kanpaina bat abiatuko du udalak eta lehenengo 800 herritarrentzat eta 80 dendentzat lehenengo urteko mantentze kostua doakoa izango da.
Espainiako Bankuaren lizentzia dauka ekhi monetak, beraz, “berme juridiko osoa du”, ohartarazi du Lopezek. Momentuz, Bilbon jarri da martxan eta orain, Hernanin. “Gure asmoa da etorkizunean Hego Euskal Herri osora zabaltzea, eta herri bakoitzak bere barne sarea edukitzeaz gain, sare handiago bat sortuko genuke, batez ere enpresek eta dendek sare zabalago horren barruan erosi ahal izateko”, azaldu du. “Ipar Euskal Herrian indarrean dagoen euskoaren sustatzaileekin ere hitz egiten ari gara etorkizunean bien arteko harremana nola eratu dezakegun aztertzeko”.
Berriak elkartea
Marta Zulaika Berriak elkarteko ordezkariak esan duenez, “azken urteotan ikusten ari gara dirua gero eta gehiago Donostiara doala edo on line dendetara. Eta sistema honekin herrian bertan erostera animatu nahi ditugu hernaniarrak”. Gainera, gero eta plataforma digital gehiago sortzen ari dira eta Ekhilur sistema denda guztiak elkartzeko plataforma bat izan daitekeela aipatu du Zulaikak.
Berriak elkarteak haren bazkideen artean sistema sustatzeko kanpaina egingo du eta herritarrak ere animatu nahi ditu parte hartzera sarea ahalik eta zabalena izan dadin.