Berriak
Atzealdea

COVID-19ak kutsatutakoak arakatzeko irizpideak hobetzeko asmoz EHUko ikerketa-talde batek bultzatutako azterlanean parte hartuko du Udalak

Ugo Mayor Ikerbasqueko ikertzaile eta EHUko irakasleak buru duen ikerketa talde batek azterlan bat abiatu du COVID-19ak kutsatutako pertsonak arakatzeko irizpideak hobetzeko asmoz. Baheketak egin diren udalerrien partehartzea eskatu dute eta Hernaniko Udalak onartu du. Urriaren 26a eta azaroaren 4a arte proba egin zutenak (baheketan edo osasun zentroan) eta emaitza positibo izan dutenak daude deituta azterlan honetan parte hartzera.

2020·11·12


Ugo Mayor Ikerbasqueko ikertzaile eta EHUko irakasleak buru duen ikerketa talde batek azterlan bat abiatu du COVID-19ak kutsatutako pertsonak arakatzeko irizpideak hobetzeko asmoz. “Azkeneko datuen arabera, EAEn SARS-CoV2-rekin kutsatutakoen erdiak baino gehiagok ez daki non kutsatu den”, adierazi du Ugo Mayorrek.

Baheketa masiboek birusaren transmisio kateak nola hedatzen ari diren zehazki ulertzeko aukera paregabea ematen dutela nabarmendu du EHUko ikerketa talde honek. “Sintomarik gabe eta inoren kontaktu ez ziren detektatutako positibo guztien laguntzaz, aukera izan dezakegu birus honen hedapena nola ematen den. Horrek lagundu dezake gure herrian arrisku fokoak detektatzen”, azaldu du Mayorrek.

Horretarako, baheketak egiten ari diren udalen laguntza eskatzen ari da EHUko ikertzaile talde hau. Durangoko Udala izan da ekimenera batzen lehenengoa, eta, Hernaniko Udalak ere parte hartuko du ikerketa horretan. Izan ere, Hernaniko Udala prest dago EHUko azterlan hori garatzeko beharrezkoak diren baliabide guztiak ikertzaileen esku jartzeko. Xabier Lertxundi Hernaniko alkatearen hitzetan, “ikerketa horrek balio badu birusaren hedapen moduez gehiago jakiteko eta, ondorioz, hedapena nolabait murrizteko, Hernanin prest gaude horretan laguntzeko, gure herritarren hobebeharrez eta euskal jendartearen hobebeharrez”.

NORTZUK ETA NOLA PARTE HAR DEZAKETE?

Urriaren 26a eta azaroaren 4a arte proba egin zutenak (baheketan edo osasun zentroan) eta emaitza positibo izan dutenak daude deituta azterlan honetan parte hartzera.

Herritar horiek Udalarekin harremanetan jarri beharko lukete formulario bat betetzeko. Teknikariek galdetegi bat pasako diete posta elektronikoz edo telefonoz. Jasotako informazioa konfidentziala izango da, eta EHUko ikerketa-taldeari igorriko zaio zuzenean. “Hori ziurtatzeko, emaitza horiek hainbat koderen bidez aztertuko dira, informazioa pribatua izan dadin”.

Galderak azkeneko egunetan zuen unitate familiarraren jardunari buruzkoak dira. Modu guztiz anonimoan egingo da, ikerketa horretarako galderei erantzutea oso erraza da eta 5-10 minutu besterik ez du hartuko.

Harremanetan jartzeko bideak honakoak dira:
Telefonoz: 010 zenbakira deituta (astelehenetik ostiralera, 8:00-14:00)
-Posta elektronikoz: ikerketa@hernani.eus
-WhassAppez: 688840022