Berriak

Atzealdea Neguko erosketak herriko dendetan egitea sustatzeko helburua duen hobarien kanpaina abiatuko da hilaren 8an

Erosketa hobarien neguko kanpaina aurkeztu dute gaur Hernaniko Udalak, Ekhilurrek eta Berriak Merkatarien eta Ostalarien elkarteak. Ekhilur sistemaren bidez jaso ahalko dira erosketa bakoitzeko hobariak. Abenduaren 8tik urtarrilaren 8ra bitartean (edo kreditua agortu arte).

2022·11·30


Joan zen irailean egin zen herriko merkataritza eta ekhilur sistema sustatzea helburu duen lehenengo kanpaina. Orduan 30.000 euro bideratu zuen Udalak eta 100.000 euro inguru zirkuituan sartzea lortu du. Bigarren kanpaina honetan Udalak beste 30.000 euro bideratuko ditu tokiko komertzioa sustatze aldera.

Merkatarien sarea etengabe handitzen ari da; egun 80 komertziok osatzen dute zirkuitua. Erabiltzaileak ere ugaritzen ari dira, 370 dira jadanik eta kanpaina honetan bai bat bai bestea handitzea espero dute kanpainaren bultzaileek.

Patxi Ibarguren Merkataritza Arloko zinegotziak azaldu duenez, “kanpaina honen helburua da ekhiaren erabilera Hernanin sustatzea eta herritar zein saltoki eta enpresei sistema ezagutzeko aukera erraztea. Batez ere herritarrak erakarri nahi dira eta gabon hauetan erosketa guztiak herrian egin ditzaten sustatu nahi dugu”. Horretarako, ekhitan egiten diren erosketa guztiei %20ko hobaria gehituko dio Udalak.

Gainera, erantsi du Ibargurenek, “lehen urtean erabiltzaile guztiak abalatuko ditu Udalak. Ez da bazkidetze kuotarik ez mantentze gasturik ordaindu behar izango”.

Ekhilur sarea handitzen ari da eta 80 establezimenduk eman dute izena dagoeneko. Egunero eguneratzen ari da zerrenda hori eta kide guztiak hernanin.eus plataforman daude identifikatuta. Clickoin aplikazioan ere kontsulta daitezke.

Merkatarien eta Ostalarien elkarteko ordezkari Mertxe Jimenez pozik azaldu da ekhi sistemarekin, herriko dendetarako onuragarria delako, haren iritziz. Jimenezen hitzetan, “hasieran zalantza handiak geneuzkan baina orain ohartu gara ehkilur sistema oso tresna indartsua dela herriko dendak balioan jartzeko eta hernaniarren erosketa ohiturak aldatzeko eta dirua herrian bertan gelditzeko”.

Alex Lopez Ekhilur kooperatibaren arduradunak azaldu duenez, adineko pertsonen artean ere onarpen zabala izan duela sistemak. “Batzuek mugikorraren bidez egiten dute eta beste batzuek, ordea, giltzatakoa nahiago izaten dute”. Nolanahi ere, “ekhilur sisteman izena emateko bideak anitzak dira eta, on line egiteaz gain, argibideak edo laguntza behar izanez gero, Ekhilur bulegoan (Kale Nagusia), Biterin (merkataritza bulegoa) eta Berriakeko egoitzan (Andre Kalea) ere egin daiteke”.

ESKUORRIA