Berriak

Atzealdea Ekhi moneta sozialarekin egindako salerosketek %10eko hobaria izango dute martxoaren 1etik urte amaitu arte

Ekhi moneta sozialaren urtebeteko ibilbidearen emaitzak eman dituzte gaur udal ordezkariek, Ekhilur kooperatibako kideek eta Berriak merkatarien eta ostalarien elkarteak. 2022. urtean egin diren bi kanpainetan, guztira 42.860 euro banatu dira diru laguntza bidez, eta, horri esker, 292.897 euro sartu dira Hernaniko Ekhilur sarean. Erabiltzaileei dagokionez, 743 batu dira guztira: norbanakoak 651, profesionalak 89 eta 3 elkarte. Horrekin batera, aurtengo hobari kanpaina berriaren nondik norakoak azaldu dituzte.

2023·02·24


Hernaniko Udalak, Ekhilur kooperatibaren eskutik eta Berriak merkatarien eta ostalarien elkartearekin elkarlanean, herriko monetarekin erosteagatik hobarien beste kanpaina bat jarriko du abian tokiko ekonomia sustatzeko asmoz.

Urte osoko kanpaina izango da. Martxoaren 1ean abiatuko da eta urtea amaitu arte iraungo du.  Denbora tarte horretan, ekhi sistemaren bidez egiten diren salerosketa guztiek %10eko hobaria izango dute. Epe luzeko kanpaina horretara 200.000 euroko partida bideratuko du Udalak.

Patxi Ibarguren Tokiko Garapen, Merkataritza eta Turismo zinegotziaren hitzetan, “kanpaina honen helburua da tokiko ekonomia sustatzea, ekhi moneta sozialaren erabilera Hernanin sustatzea eta herritar zein saltoki eta enpresei sistema ezagutzeko aukera erraztea”.

Ibargurenek zehaztu duenez, “herritarrak erakarri nahi ditugu, batez ere, baina oraingoan profesionalak erakartzen jarriko dugu indar berezia. Izan ere, tresna honen potentzialitate osoa aprobetxatzeko profesionalen arteko salerosketak sustatu nahi ditugu, balio kate osoan eraginez. Horretarako, kanpaina honetan saltoki edota bestelako profesionalen arteko salerosketek ere %10eko hobaria jasoko dute”, azaldu du. Horrez gain, hornitzaileak ere erakarri nahi dira sarera, baita dagoeneko sarean daudenak eta besteen hornitzaileak izan daitezkeenak identifikatu ere. “Gure helburua tokiko ekonomia osoan eragitea da”, gehitu du.

Nola funtzionatuko du?

Hobariak denboran luzatzeko eta ahalik eta jende gehiagorengana iristeko asmoz, “hilero partida jakin bat ezarri da, 20.000 eurokoa, eta erabiltzaileek, gehienez, hileko 100 ekhiko hobaria jaso ahal izango dute”, argitu du Ibargurenek.

Erabiltzaile guztiak abalatuko ditu Udalak. “Ez da bazkidetze koutarik ez mantentze gasturik ordaindu behar izango”, jakinarazi du. Edonola ere, urte amaieran bazkidetze kanpaina bat abiatuko du Ekhilur kooperatibak. Hortaz, “2023 urte osoa edukiko dute, bai profesionalek, bai eta herritarrek ere, baloratzeko kooperatibako bazkide egin nahi diren”.

Ekhilur sarea handitzen ari da eta 89 establezimenduk eman dute izena dagoeneko. Egunero eguneratzen ari da zerrenda hori eta kideak hernanin.eus plataforman daude identifikatuta. Clickoin aplikazioan ere kontsulta daitezke.

Xabier Lertxundi alkateak gogorarazi du ekhilur sistemak urtebetean egin duen ibilbide oparoa.

    • 2022ko urtarrilean Hernaniko Udala eta Ekhilur kooperatibaren arteko hitzarmena sinatu zen.
    • Maiatzean Moneta Mahaia eratu zen (Hernanin Burujabe egitasmoaren baitako organoa). Bertako partaideak dira: Ekhilur, Berriak, Hiritik At eta Udala (teknikariak eta zinegotzia).
    • Uztailean Hernaniko sarearen aurkezpen publikoa egin zen: 40 saltoki batu ziren sistemara.
    • Irailaren 15etik azaroaren 15era lehen hobari kanpaina egin zen: lehen 50€ kargatzeagatik 20 ekhiko diru laguntza + % 10eko hobaria erosketa guztientzat (herritarrei zuzendutako diru laguntzak) → 481 kontu aktibatzea lortu zen.
    • 2022ko abenduaren 8tik 2023ko urtarrilaren 8ra Gabonetako kanpaina jarri zen martxan: %20eko hobaria erosketa guztientzat (herritarrei zuzendutako diru laguntzak). Kreditua abenduaren 21ean agortu zen (30.000 €) → 257 kontu gehiago aktibatzea lortu zen.

2022an egindako bidean sakontzen jarraitzeko Ekhilur kooperatibarekin duen hitzarmena berrituko du Udalak.

Monetaren alde soziala

Alex López Ekhilur kooperatibako kideak orain arteko emaitzen berri eman du eta, alderdi ekonomikoaz gain, sistemak duen ikuspuntu soziala ere nabarmendu du. “Dirua sartu da tokiko ekonomian, noski, eta hori oso garrantzitsua da, baina hori bezain garrantzitsua da erosteko ohituretan gertatu den aldaketa. Izan ere, iazko irailetik hona 10.000 inguru salerosketa egin dira sistemaren baitan, eta horrek eragin du ohitura aldaketa bat. Diru gutxiko salerosketa asko daudenez, jende gehiago ibiltzen da dendetan eta horrek erakarpen efektua dauka. Dinamika sortzen da herrian eta kontsumo ohiturak ere aldatzen dira”.

Mertxe Jimenez Berriakeko ordezkaria pozik agertu da ekhi sistemak merkatariei ematen dien abantailekin. “Etsai asko eta handiak ditugu: merkataritza-gune handiak, on line erosketa plataformak... eta horri aurre egiteko baliabide guztiak dira ongietorriak. Ekhi horietako bat da eta pozik gaude herrian izan duen harrerarekin”. Mertxe Jimenezek adierazi duenez, “gero eta bazkide gehiago daude Ekhilur sarean eta hori ona da dirua herrian geratzeko”.

“Guk, elkarte bezala, kanpaina txikiak egiten ditugunean, mugimendua handitzen dela nabaritzen dugu. Baina pandemiaren garaitik hona, Udalarekin batera kanpaina indartsuagoak egiten ari gara eta horrek eragin handiagoa du”, esan du Jimenezek.

Berriak elkartea eta Ekhilurren arteko elkarlana sendotzen ari dela esan du eta horren isla da Ekhilurri egingo diotela lekua Berriakeko egoitzan (Andre Kalea, 30). Bakoitzak bere jarduera eta ordutegia izango du baina “Ekhilurrek herrigunean egotea eta ikusgarritasuna izatea denontzako onuragarria da”, iritzi dio Berriakeko ordezkariak.

Xabier Lertxundik azaldu duenez, “gure erronka da zirkuitu horretan Hernaniko Udala eta ahalik eta biztanle, enpresa eta saltoki gehien barnebiltzea. Modu horretan, zirkuituan sortzen den aberastasuna bertan gelditzen da eta aberastasun hori partaide guztien artean partekatzen da”.
Lertxundiren hitzetan, “Ekhi moneta sozialaren helburua merkataritza sustatzea baina haratago doa, herriko ekonomia suspertzeko estrategia bat da”.